• Irantzu Allende sailburuordeak eta EEEko zuzendari nagusi Mikel Amundarainek bart gauean A3E Energia Eraginkortasuneko Enpresa Elkarteak eta El Correok antolatutako Eraginkortasun eta Jasangarritasunaren III. Foroan parte hartu zuten.
  • Euskadik industria-emisioak % 55 murriztea lortu du 1990etik Administrazioak bultzatutako programa ugariei eta enpresek gauzatutako zeregin aktiboari esker

Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek eman zion amaiera Energiaren Euskal Erakundeak lagundutako eta A3E elkarteak eta El Correok antolatutako Eraginkortasun eta Jasangarritasunaren III. Foroari. Bertan bildu ziren, atzo gauean Bilboko Guggenheim Museoan egin zen ekitaldi batean, energia-aprobetxamenduko estrategia eta teknologietan espezializatutako enpresen ordezkari ugari.
 
Allendek bere hitzaldian zera nabarmendu zuen, 2050era begira euskal ekonomiaren deskarbonizazio adimentsu baterantz aurrera egingo duten politika handinahiak bultzatzeko Gobernuak egin duen apustu irmoa. Helburu horrek daukan tresna nagusia Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek urtearen hasieran onartutako Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako Legea da. Lege horrek, beste hainbat helbururen artean, energia berriztagarrien partaidetza handitzeko helburua ezartzen du, azken kontsumoaren % 32ra iritsi arte. “Trantsizio hori modu ordenatuan egin behar dugu, gure indarguneetan sakonduz, inor ere atzean utzi gabe. Euskadik gero eta herrialde erresilienteagoa izan behar du, baina nahitaezkoa da garapen jasangarri eta justu bat sustatzea. Aldaketa hori industriarekin batera eta industriaren eskutik lideratu nahi dugu, bai eta gizarte osoarekin batera ere”.
 
Ildo berean, euskal kontsumitzaileentzat energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna handitzeko konpromisoa daukagu “eta  2030 urterako % 12ko energia-aurrezpena lortzea 2021 urteko kontsumoarekin alderatuta. Euskadi erreferentea da energia-eraginkortasunean orain dela urte askotatik, EEEk egindako lanari esker neurri handi batean. Orain dela 40 urte produzitzen genuen kopuru bera produzitzea lortu dugu, baina horretarako energia aldetik % 50 gutxiago erabiliz”.
 
Industria gehiago-industria hobea-emisio gutxiago ardatzaren gainean politika publikoak gauzatzeko helburuarekin, industria-eraginkortasun energetikora eta emisioen murriztapenera bideratutako laguntzak indartu egingo dira 2025erako 22 milioi eurora arte eta laguntzak izango dira autokontsumoa sustatzeko eta kontsumo termikoen elektrifikaziorako 80 milioiko bi urterako programa batekin, Energia Trantsizioko sailburuordeak iragarri zuenez. Guztira, datozen 4 urteetan 260 milioiko laguntza-programak aktibatuko dira eraginkortasun energetiko industriala eta emisioen murrizketa bultzatzeko eta autokontsumoa eta kontsumo termikoen elektrifikazioa sustatzeko.
 
Bere aldetik, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Mikel Amundarainek zera nabarmendu zuen, energia eraginkortasunaren aldeko apustu irmoa ez aldatu izana urte hauetan guztietan, “agian enpresa eta industrien lehiakortasunerako garrantziagatik eta daukan zeharkakotasunagatik. Horixe uzten du agerian laguntza eta dirulaguntza moduan funts publikoak urtero etengabe eman izanak, sektore guztietan eraginkortasun-proiektuak egia bihurtzeko garaian irmoki lagundu dutelarik”.
 
Amundarainek Foroaren inaugurazioan nabarmendu zuenez, “ez dago zalantzarik industriak eta gainerako produkzio-sektoreek beren eginbeharrak bete dituztela eta arlo honetan bikaintasun-maila garrantzitsuak lortu dituztela. Hala eta guztiz ere, gaur egunean nazioarteko merkatuetako lehiakortasuna gero et handiagoa da, eta horregatik ez dugu goardia inola ere jaitsi behar”.
 
“Euskadik jarduera ekonomikoko unitate bat sortzeko orain 40 urte behar zuen energiaren erdia behar du… Baina energia asko behar du, hala ere. Oso herrialde industrializatua gara, oraindik ere beste herrialdetatik datorren energiarekiko mendekotasun maila handia duena".
 
"Ez zaio inori ezkutatzen", adierazi zuen EEEko zuzendari nagusiak, "eraginkortasuna bultzatzen duten eta zentzu honetan inbertsioak egitera animatzen duten tresnak ezartzea oso modu egokia dela beharrezko inbertsio pribatuak arlo publikotik bultzatzeko. Nire ustez, eredu energetiko berri bateranzko ezein politikak ezin du sektore pribatuaren inplikaziotik kanpo egon”.