• Datorren urtean Europako industria eoliko osoa Euskadin berriro bilduko duen kongresuaren atarikoa da Kopenhageko Electric Cityn egindako aurkezpena.
  • Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, Euskadiko industriak sektore eolikoaren arloan duen gaitasuna nabarmendu du, eta azpimarratu du iturri berriztagarri hori funtsezkoa dela Energia eta Klima Trantsiziorako helburuak iristeko Basque Green Deal Estrategiaren esparruan.

Kopenhageko Electric City ferian den euskal ordezkaritzak datorren WindEurope aurkeztu du, Europan eolikoaren sektorean den azoka nagusia, 2022ko apirilean industria horretako eragile gehienak bilduko dituena Bilbao Exhibition Centren.
 
Aurkezpenean Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Euskadik eolikoen arloan egin du apustu, energia iturri garbiagoetarantz jo eta klima aldaketaren aurka egiteko trantsizioan aliatu nagusietakoa baita sektore hori. Esan duenez, energia iturri berriztagarriak ezarri beharra dago euskal gizarteak energiaren eta ingurumenaren arloan planteatu dituen erronkak betetzeko ardatz gisa; erronka horiek Basque Green Deal Estrategian jasota daude, helburuak erdiesteko eredu planifikatuan. Bestalde, euskal industria eolikoaren garrantzia azaldu du, hura baita mundu mailako lehen zutabe teknologikoa Europa osoan energia iturri hori ezartzeko, orobat enplegua, hazkundea eta ongizatea bultzatzeko.
 
Aurkezpenean, WindEurope 2022 urteko ekitaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte, zeina Bilbon izango baita apirilaren 5etik 7ra. Bigarrenez egingo dute Euskadin feria eta kongresu hori. 2019an egin zuten aurrekoa, eta BECen 300 erakusketari baino gehiago eta 9.000 bisitari inguru izan ziren. Guztira, 10 milioi eurotik gorako inpaktu ekonomikoa sorrarazi zuen. Espero dute datorren urtean kopuru horiei eutsiko zaiela, Europako industria eolikoarentzat Euskadi industria-hub garrantzitsuenetako bat da eta.
 
EEEko zuzendari nagusiaren ondoan, Xabier Basañezen BECeko zuzendari nagusiak parte hartu du topagunean, eta honako hauek eman dute laguntza: Jose Ignacio Hormaeche (Energiaren klusterreko zuzendari nagusia), Juan Virgilio Marquez (AEEko CEOa), Malgosia Bartosik (WindEuropeko zuzendari nagusi atxikia) eta Kepa Olabarrieta (Bilboko Convention Bureauko zuzendaria).
 
Euskadiren Wind Energy Basque Country eremuan izan da ekitaldia; bertan, Danimarkako Electric Cityn parte hartzen duten 22 euskal enpresek lehiarako gaitasun handiak azaldu dituzte, eta mundu osoko eolikoen parkeei zerbitzua emateko nazioartean duten posizio bikaina erakutsi dute. Energiaren Klusterra buru dutela, honako etxe hauek daude han: Erreka Fastening, Fosroc, Euskal Forging, GRI Renewable Industries, Sling Supply Int, Haizea Group, Antec, Saitec Offshore, Lumiker, RDT Group, Meteo for Energy, Aeroblade, Allerion, Grual, Vicinay Marine, Nautilus, Kimua Engineering, HWS Concrete Towers, Hine Group, Ceit BRTA, Arteche eta SPRRAEM.