EKI Fundazioak, zeinaren jarduerak Saharaz hegoaldeko eskola eta osasun-zentroetarako eguzki-energia fotovoltaikoko iturrien hornidura duen ardatz, inbertsio-inpaktuko proiektu bat aurkeztu du gaur Bilbon, Impact Africa I, Saharaz hegoaldeko eskola eta osasun-zentroetan 200 eguzki-instalazio fotovoltaiko hornitzeko eta finantzatzeko, 5,2 milioi euroko inbertsioarekin guztira. EEE Euskal Energiaren Erakundearen lankidetzarekin burutuko da proiektu hau.
Pertsonen bizitzan zuzeneko inpaktua duten azpiegituretan epe luzera inbertitzeko interesa duten erakunde publiko eta pribatuak dira Impact Africa I proiektuko inbertitzaileak. EKI Fundazioak ordainduko duen interes bat jasoko dute eragiketako inbertitzaile guztiek. EKI Fundazioak 500.000 euro inbertituko ditu gainerako inbertitzaileekin, eta, gainera, beste 750.000 euro gehiago 20 urteko epean inbertsio totalaren interesaren kostua estaltzeko.
Ekipoen instalazioa 3 urtean burutuko da, 4 milioi euro inbertitu ondoren. Laugarren urtean, inbertitzaileek 1,2 milioi euro gehigarriak despoltsatuko dituzte plantek behar dituzten baterien ordezko piezak finantzatzeko erreserba-funts bat eratzeko. Onuradunek ordainduko dituzte instalazioak hurrengo hogei urteetan interesik gabe.
EEEk 300.000 euro inbertituko ditu guztira hurrengo lau urteetan finantzaketa-erreminta honetan, Euskadi Basque Country 2030 Agendan beste hainbatekin batera biltzen den ekimen berri honetan, zuzeneko eragina duelarik GJH#7 “Energia garbi eta eskuragarria guztientzat”, GJH#3 “Osasuna eta ongizatea”, GJH#4 “Kalitatezko hezkuntza”, eta GJS#17 “Helburuak lortzeko aliantzak” helburuetan.
EKI Fundazioko presidente Jose Galindezek adierazten duenez: “Orain arte, misio erlijioso eta GKEetako instalazioak hobetzea izan da gure proiektuen helburua, erakunde horiek lan ordainezina egiten baitute Saharaz hegoaldeko Afrikan. Plan berriarekin nazioko eta eskualdeko administrazioak ere artatu nahi ditugu Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzen diren hezkuntza- eta osasun-zerbitzu batzuk emateko.”
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak nabarmentzen duenez, “Euskadin garatzen diren eta enplegu- eta industria-bultzatzaile diren enpresa-ekimenei laguntzeko gure politikaren zati da” ekimen hau, eta “are gehiago energia-baliabidea elektrizitateaz gozatzeko aukerarik ez duen munduaren zati bati hurbiltzea dakarten proiektuak badira”. EEEren parte-hartzea lagungarria izango da energia demokratizatzeko helburu unibertsala lortzeko”. Ansolak gehitu du Euskadi beti izan dela solidarioa eta “berriz ere frogatzen da hori energiaren esparrutik”.
EKI Fundazioa 2017an eratu zen eta orduz geroztik eredu berritzaile bat garatu du Afrikako zona horretako eskola eta osasun-zentroetan eguzki-planta fotovoltaikoak hornitzeko eta finantzatzeko. 21 instalazio jarri dira martxan hainbat herrialdetan, hala nola Kongoko EDn, Sierra Leonan, Malawin, Tanzanian, Kamerunen, Gambian, Cabo Verden eta Hego Sudanen.
EKI Fundazioaren ereduaren alderdi berritzailea zera da, instalazioak ez direla dohaintzan ematen. Horrela, onuradunek balioetsi egiten dute jasotzen dutena, eurena balitz bezala zaintzen dute eta instalazio berriak lortzeko laguntzen dute beren ekarpenekin. 20 urteko epean itzultzen dute onuradunek inbertsioaren zenbatekoa, interesik gabe. Gainera, instalazio guztiak Internet bidez kontrolatzen dira EKIren Getxoko egoitzatik.
Hornidura elektrikorik gabe bizi diren 600 milioi pertsona baino gehiago daude Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta hori mugaketa handia da haien hazkunde ekonomikorako, eta, horrenbestez, muturreko pobreziatik irten ahal izateko.