Energiaren Euskal Erakundearen standean luze eta zabal erakutsiko dira Eusko Jaurlaritzaren energia agentziaren lan ildo nagusien nondik norakoak, hala nola energia berriztagarrien proiektu handiak, energia eolikoa eta eguzki energia alorrekoak, Aixeindar eta Ekian izenekoak, hurrenez hurren; baita egunero kudeatzen dituen bestelako egitasmoak ere, 2020ko Laguntzen Programa, kasu.
Energiaren Euskal Erakundek berriz ere parte hartuko du asteburu honetan egingo den Berdeago azokan, Durangoko Landako Gunean. Ostiralean, 10:00etatik aurrera eta igandeko 15:00etara arte aukera izango da haren standa bisitatzeko; bertan, Ekian eguzki planta fotovoltaikoa –asteon inauguratu den Erribera Beitiako Arasur Industrialdean kokatua- eta energia eolikoa sustatzeko aldeko konpromisoa (Aixeindar) protagonista izango dira.
EEEk aurrera eramaten duen beste jarduera bat ere azalduko da azokan; hain zuzen ere, herritarren artean interesa pizten duen Laguntzen Programa erakusgai izango da. Hala, bisitariek aurtengo dirulaguntzak eskatzeko prozeduraz informazioa izango dute eskura Ekitaldi honetan 20,6 milioi euroko aurrekontua duten dirulaguntza horiek lagundu egingo dute 2030erako ezarritako helburuak lortzen, energiaren aurrezpenaren, eraginkortasunaren eta ibilgailu kutsakorren ordezkapenaren (Renove Plana) inguruan. Gainera, azokak duen jite iraunkorrarekin koherentziaz, energiaren euskal agentziak informazio osagarria eskainiko du zenbait gaiez: etxean energiaren erabilera egokiaz, ibilgailu partikularraz, bizikletaren erabilera sustatzeko gakoez eta energia iturri garbiez, esaterako, biomasaz.