55 euskal enpresak parte hartuko dute sektore eolikoaren azoka handienean. Bilbao Exhibition Centren izango da azoka, apirilaren 2tik 4ra. 
 
Energiaren Euskal Erakundeak eta Euskadiko Energiaren Klusterrak elkarlanean antolatutako Euskadi-Basque Country eremuan, 37 euskal enpresak erakutsiko dituzte beren garapen teknologikoak. 

Euskadiko sektore eolikoaren industriaren ahalmena azalduko duen nazioarteko erakustokiaren ateak datorren asteartean, apirilaren 2an, zabaltzeko prest dago dena. Euskadiko sektore eolikoaren aldeko apustua agerian geldituko da Bilbao Exhibition Centerren izango den Wind Europe Azokan, zeinetan elkartuko diren 300 erakusketari baino gehiago. 
 
Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartuko du azokaren irekiera ekitaldian. Aurreikuspenen arabera, 8.000 pertsona baino gehiago bertaratuko dira azokara. Euskal sektore eolikoan 4.000 lagunek dihardute lanean, eta 15,7 milioi euroko negozio bolumena du. 18 enpresak edukiko dute beren standa, eta beste 37 enpresak Euskadi-Basque Country gunean parte hartuko dute, hain zuzen ere, BECen, 1 pabiloiaren barruan, 800 metro koadro hartuko dituen gunean. Horixe izango da Wind Europe 2019 edizioaren sarrera gunea. 
 
Euskadi-Basque Country eremuaren barruan, Energiaren Euskal Erakundeak ikus-entzunezko tresna interaktibo bat edukiko du, BiMEPen (Biscay Marine Energy Platform) aukerak erakutsiko dituena. Itsas zabalean dagoen azpiegitura bat da, itsasoaren energia eta itsasoko energia eolikoa hartzeko gailuen ikerketa, erakusketa eta ustiapena egiteko; bi eremu ditu, Mutrikun bata eta Armintzan bestea. 
 
Basque Country gune horretan, halaber, telebistako plato bat dago, hainbat erakunde eta enpresari elkarrizketak egiteko bertan egingo diren elkarrizketak streming bidez jarraitu ahal izango dira www.eve.eus/basquecountry estekan. Eguerdietan, apirilaren 2an, 3an eta 4an, harrera bat izango da Euskadi-Basque Country eremuan. Bisitan datozen enpresa eta erakundeak elkartuko dira bertan, eta harremanetan jarri ahalko dira, euskal gastronomiaren eta kulturaren erakusketa baten inguruan. Apirilaren 4an egingo den harreran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko sailburu Arantxa Tapiak parte hartuko du, eta agurra egingo die edizio honetan parte hartu duten euskal enpresei.