Ekiola sustatzen duten erakundeek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean ingeniaritza sustatzaileak bilera egin dute Debagoieneko alkateekin. Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate-Mondragón, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati izan dira Ekiola proiektuaren berri emateko batzarrean; izan ere, proiektu horrek aukera ematen die herritarrei tokiko energia sortzeko kooperatibetan parte hartzeko, plaka fotovoltaikoen bidez, autokontsumorako.

Ekiola proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerri, eskualde eta koadrilatan aurkezteko ekimenaren barruan, Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean erakundeek bilera egin dute gaur goizean Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate-Mondragón, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñatiko alkateekin. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia, Amagoia Barandiaran Ekiolaren zuzendaria, Asier Etxabe Krean P&S enpresako zuzendaria eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Gipuzkoako Foru Diputatu Jose Ignacio Asensio izan dira aurkezpenean. 

Ekiola bezalako kooperatibak sortzeak, herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin bat egiteaz gain, herritar asko inplikatuko dituzten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetuko du. EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak azaldu duenez, “eredu hori Debagoienan ere aplikatu ahal izango da, eta energia-azpiegitura esanguratsuak sortzea ahalbidetuko du (1 MW eta 5 MW arteko potentzia duten eguzki-parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak” (0 kilometrokoak). Azken helburua litzateke kooperatibako kide diren pertsonek edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiez baliatzea, instalazio horiek herritarrenak izatea, eta horietan kontsumo elektriko osoaren baliokidea den energia-bolumena sortzea. "Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den sistematika kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzean oinarritzen da, etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostuarekin", azaldu du Asier Etxabe Krean P&S ingeniaritzako zuzendariak. Gaur goizean egin diren bileretatik abiatuta, udalerri bakoitzak bere errealitatera egokitzeko dituen aukerak aztertuko dituzte.

Proiektu hau bat dator Europar Batasunaren ildo nagusiekin, 2030erako helburu gisa ezarri du kontsumitzen den energiaren % 32k jatorri berriztagarria izan behar duela, eta autokontsumoa eta komunitate energetikoak sortzea beste eredu energetiko baterako trantsiziorako eredu baliagarriak dira. Testuinguru horretan sortu da Ekiola energia sustatzeko sozietate gisa. Erakunde horren bidez, izaera kooperatiboa duten energia-komunitateak sortuko dira. Proiektu honen bidez, kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira; herritarrek beren energia sortu, sustatu eta kontsumituko dute.