Zumaiako Energia sorkuntza eta kontsumorako kooperatiba izango da Egutera, Ekiolatik sortua. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat sortuko du kooperatibak, Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean.
Zumaiako Egutera kooperatibaren bazkideak izango dira euren energia kudeatuko dutenak. Horiekin batera, kooperatiba sustatuko dute Zumaiako Udalak eta Ekiolak (Mondragon Taldeak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatua). Gerora, asmoa da parte izan nahi duten Zumaiako bestelako elkarteei ere aukera zabaltzea.
Gaur arratsaldean egin dute aurkezpen ekitaldia, Gernika parkean. Ekitaldian parte hartu dute Iñaki Ostolaza alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Elene Santamaria eta Hodei Arzak Krean-eko ordezkariak, Ainhoa Illarramendi eta Arritxu Marañon zinegotziek, eta Lore Uranga, Xabier Ureta eta Iñaki Osa herritarrek.
Iñaki Ostolazaren arabera Eguteraren helburua da zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera ematea. “Zumaiarren artean gero eta zabalduago dago energia eredua aldatzeko beharraren kontzientzia, baina hori ekintzetara eramateko bitartekoak behar dira; horretarako balioko digu Eguterak”, esan du. Proiektua babesteko, Zumaiako Udalak 60.000 euroko dirulaguntza zuzena emango dio Ekiolari, lursailaren 25 urteko alokairuaren baliokidea.
Izenarekin hitz jokoa eginez, “egotetik egitera” pasatzeko garaia dela uste dute proiektuaren sustatzaileek. Horretarako lehen pauso gisa, Zumaian 1,2 hektareako eguzki-panelen planta bat jarriko da martxan. Oikian eraikiko dute planta, Siemens lantegiaren atzeko lursailean.
Elene Santamariak azaldu duenez zumaiarrek aukera izango dute Eguterako bazkide egin eta eguzki panel horietatik sortzen den energia beraien ohiko energia kontsumora bideratzeko. 400-500 bazkide inguru lortuta, eguzki-panelen planta urtebetean martxan egotea aurreikusten dute. Datozen hilabeteotan jakingo dira xehetasun gehiago, besteak beste proiektua Europako dirulaguntzei lotuta dagoelako, eta horien arabera bazkidetzaren prezioa ezberdina izango delako.
Horrenbestez, proiektuan interesa duten Zumaiako herritar eta komertzioak aurre bazkidetza ematera animatu dituzte. Dena zehazten joan ahala interesa duten herritarrei informazio zehatza ematen joango dira, ondoren bazkide egin nahi duten edo ez erabaki dezaten.
Trantsizio energetikoan pauso bat
Alex Oliden tokiko garapenerako zinegotziaren arabera Zumaiako Udalak trantsizio energetikoa bide luze bat bezala ikusten du, eta sortuko den kooperatiba eta eguzki planta “bide horren lehen pausoak” izatea nahiko lukete. "Proiektu honen atzetik pauso gehiago beharko direla uste dugu, bestelako energia ohitura eta ereduak Zumaian sustraitzen joan daitezen". Olidenen arabera, "hurrengo pausoa, adibidez, herriguneko teilatuak energia sorkuntzarako baliatzea izan daiteke".
Iñigo Ansola EEEko zuzendariaren arabera garrantzi handikoa da Ekiola egitasmoa: “herritarren parte hartzeari bide ematen dio, eta udalerriko energia ikuskeran eragingo du, herritarrak autokudeaketa kooperatiboaren ereduan murgilduz energia berriztagarria tokian sortzeko”.
400-500 atxikimendu lortu nahirik
Egutera martxan jarri eta eguzki planta gauzatzeko, 400-500 bazkide inguru beharko dituzte. Hori horrela, aurre-bazkidetza kanpaina martxan jarri dute, interesa zenbat zumaiarrek duten jakiteko. Galdetegi sinple bat betetzea nahikoa izango da horretarako.
Kooperatiban partaide izateko inbertsio bat egin beharko dute herritarrek (datozen hilabeteotan jakinaraziko dute ekarpenaren kopuru zehatza), instalazioa osatuko duten panelen erosketa egiteko. Funtzionamendu-epe luzea izango du instalazioak -hasierako aurreikuspenen arabera, 25 urte gutxienez-.
Bazkideek hileroko fakturan ordainduko duten kopurua ekoizpen-kostuaren arabera baloratuko da. Ondobidean, 30-40 euro/MWh ingurukoa izatea aurreikusten dute -gaur egun 200 euro inguruan ordaintzen da). Gainera, hileroko fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat bueltatuko zaie Eguterako bazkideei.
Hasiera batean Zumaiako herritar eta komertzioei emango zaie bazkide izateko aukera, baina Olidenen arabera ez dute baztertzen etorkizunean herriko enpresei eta bailarako gainontzeko udal eta herritarrei ere aukera hori zabaltzea. Izan ere, "kooperatiba irekia eta dinamikoa izango da, eta bazkideek izango dute erabakiguneetan gehiengoa. Beraz, haiek erabakiko dute Eguteraren etorkizuneko norabidea".