- Energiaren kostu handiak eskatzen du energia berriztagarriekin lotutako epe luzeko energia-kontratuak kudeatzea, prezioan egonkorragoak baitira.
- Euskal industriak autokontsumoaren alde egiten du. 2021ean, instalatutako potentziaren % 70 sektore horretan izan zen.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Iberiar Penintsulako energia-merkatuetako adituak bildu ditu gaur goizean, euskal industriak zer aukera dituen eztabaidatzeko prezioaren ziurgabetasuna murrizteko eta elektrizitatearen eta gas naturalaren kostu handiko testuinguru honetan energia-kontratu lehiakorrak lortzeko.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak inauguratu du jardunaldia, eta bertan izan dira Carmen Becerril OMIko (Iberiar Penintsulako energia-merkatuko enpresa kudeatzailea) presidentea, Raúl Yunta MIBGASeko (gasaren merkatu iberiar antolatuko operadorea) presidentea eta Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea. Gainera, enpresa kontsumitzaileen ordezkariak ere izan dira adituen talde horretan, hala nola Ategi enpresaren eta SEA Empresas Alavesas elkartearen ordezkariak, bai eta EDP eta Axpo Iberia komertzializatzaileen ordezkariak ere, eta industrietako energia-kontratazioaren kudeaketaren adibide batzuk azaldu dituzte.
Energiaren Euskal Erakundeak pandemia hasi zenetik aurrez aurre antolatu duen lehenengoa izan da mintegi hau, eta energiaren prezioaren arriskua modu eraginkorragoan kudeatzeko dauden alternatibak eta energia kontratatzeko aukerak industriara hurbiltzea izan du xede.
Euskal industriak etengabeko birmoldaketa-lana egin du hainbat hamarkadatan, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko, hura optimizatzeko eta lehiakortasun-maila handiak lortzeko. Tapia sailburuak adierazi duenez, “ezinbestekoa da eraginkortasunerako inbertsio horiek ez murriztea”; izan ere, ekoizpenean ahalik eta energia gutxien kontsumitzea da industria-lehiakortasunerako tresna nagusia. Horretarako, EEEk zuzeneko laguntzak kudeatzen ditu industriak eta enpresa txiki eta ertainek energia aurrezteko eta eraginkortasunerako inbertsioak egiteko, 61 milioi euroko aurrekontuarekin 2023ko ekainera arte.
Hala ere, energiaren gaur egungo prezio handien ondorioz, gero eta zailagoa da merkatu globalizatuetan lehiatzea. Industrian arriskua dibertsifikatzearen alde agertu da Tapia, kostuaren egonkortasun handiagoa ahalbidetuko duten epe luzerako energia-kontraturen bidez. Energia berriztagarriekin lotutako kontratu horiei esker, prezio lehiakorragoa eta egonkorragoa lor daiteke.
Era berean, autokontsumoa nabarmendu du euskal industriarako egiazko alternatiba gisa. 2021ean, Euskadiko autokontsumorako instalatutako potentziaren ia % 70 industrietako eguzki-instalazioei dagokie, eta kontsumitzen duten energiaren zati bat oso prezio lehiakorrean ematen ari zaizkie dagoeneko.
Iturri berriztagarrietan gero eta gehiago oinarritutako eredurantz joatearen aldeko apustua egin du Euskadik iturri fosil inportatuen kontsumoa minimizatzeko, eta horrek ere lagundu egingo du energia-merkatuen ezegonkortasuna eta hegazkortasuna murrizten, energia berriztagarriak iturri lehiakorrak baitira, eta prezioak egonkortzeko eta ziurgabetasuna murrizteko aukera ematen baitute. Euskal gizartearen industria- eta ekoizpen-beharrak ere aseko dituen ekoizpen berriztagarri nahikoa lortzeko, gaur egun potentzia instalatu handiko energia-proiektuak (eolikoak, eguzki-energiakoak eta itsas iturri berriak) planteatzen ari dira Euskadin, Trantsizio Energetikoan eta ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko.
Arriskuaren kudeaketa
Industriek kontsumitzen duten energiaren kostua kudeatzeko eta kostuaren arriskua minimizatzeko, funtsezkoa da kontratazio-produktua dibertsifikatzea, hau da, kontratu bakarraren beste alternatiba batzuen alde egitea spot edo eguneko prezioan. Gaur egun, enpresek hainbat produktu kontrata ditzakete merkatuan, arriskua barreiatuagoa egon dadin. Enpresek epe desberdineko (urtekoak, hiruhilekoak, hilekoak eta spot) hainbat produkturekin kontrata dezakete energia, eta horrek esan nahi du dibertsifikatuagoa dagoela prezio-aldaketen arriskua.