Euskal teknologia eta fabrikazioa duen itsas plataforma eoliko flotagarri prototipo bat izango da
- Eskala errealeko prototipoa Bilboko portuan egingo da eta BiMEPen (Biscay Marine Energy Platform) saiakuntza eremuko uretan probatuko da, Armintzan, 24 hilabetez.
- Haren instalazioa 2021eko urrirako aurreikusten da.
- BiMEP itsas energiak ustiatzeko zentroak behar diren azpiegiturak eta dagozkion baimenak ditu aerosorgailu flotagarriak probatzeko.
- Teknologia flotagarriaren garapena giltzarria da itsas eolikoa suspertzeko sakonera handiko kostaldeetan, hala nola Kantaurikoan eta munduko itsas kostalde gehienetan
Saitec euskal ingeniaritzak eta BiMEP itsas energiak ustiatzeko zentroak kontratu bat sinatu dute gaur goizean, euskal kostaldean, Armintzako kaiaren aurrean, 2 MW-eko potentzia duen aerosorgailu flotagarri bat instalatu eta probatu ahal izateko. %100 euskal teknologia duen prototipo horrek jarrarazten du Euskadi I+Gko eoliko flotagarriaren goi mailan.
Kontratu horren sinadurak hasiera eman dio datorren urtean amaituko den lan egitasmo bati: DemoSATH izeneko aerosorgailu flotagarria jartzeari BiMEPen (Biscay Marine Energy Platform) saiakuntza eremuko uretan, kostaldetik 2 km-ra, Bizkaiko Armintza herriko kaiaren aurrean. Aurreikusitako epeen arabera, haren instalazioa 2021eko urrian egingo da eta probetan egongo da 24 hilabetez.
Gailu horren teknologia Leioako (Bizkaia) Saitec Offshore Technologies deritzon ingeniaritzak garatu du bere osotasunean; funtsean, eskala errealeko prototipo bat da hormigoizko zimendu flotagarri batean, 30 m-ko erruna eta 67 m-ko luzera duena, eta haren gainean 2 MW-eko potentzia duen aerosorgailua kokatuko da, itsas mailatik 70 metroko altuera hartzen duena. Instalazio-guneko uraren sakonera 85 metrokoa da. Prototipoa Bilboko portuko instalazioetan egingo da.
Aerosorgailua eragiketan jarri ondoren, itsas egoera edo baldintza errealetan probatuko da eta sortuko duen energia elektrikoa lehorrera bideratuko da BiMEPen eremuan diren itsaspeko kable elektrikoen bidez; hartara, energia guztia banaketa sare nagusian injektatuko da.
Bimep SA sozietate publikoa da, 2011n eratua itsaso zabalean entsegu-plataforma bat garatu, eraiki, gauzatu, mantendu eta kudeatzeko, eta haren bazkideak hauek dira: Energiaren Euskal Erakundea (EEE) ( % 75) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) bidez ( % 25).
Munduko erronka teknologikoa
Zimendatze flotagarrien ikerkuntza munta handiko erronka teknologikoa da; izan ere, eskala globalean itsas energia eolikoaren aurrerapena haren menpe dago, munduko itsaso eta ozeano gehienak sakonera handikoak dira eta, aerosorgailuak itsas hondoan ainguratzeko instalazioa galaraziz.
Horixe da, hain zuzen ere, Kantauri itsasoaren kasua, kostatik gertu sakonera handiko urak baititu. Beraz, etorkizuneko itsas parke eolikoek teknologia flotagarri kontrastatua eduki beharko dute bideragarri izan ahal izateko.
BiMEP, 5. urteurrena
Egitasmo honek hasiera ematen dio itsas energia eolikoaren inguruko ikerkuntzari BiMEPen, eta bat egiten du itsas energiak probatzeko azpiegitura horren inaugurazioaren bosgarren urteurrenarekin, 2015. urtean abian jarri baitzen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batean. Orduz geroztik, BiMEPek parte hartu du Europako ikerketa sareetan eta haren instalazioetan zenbait gailu flotagarri probatu dira itsas baldintza errealetan olatuen energia kaptatzeko xedez.
Aurrekoaz gain, epealdi horretan, eskatzen den tramitazio administratibo eta ingurumen alorreko guztia osatu eta burutu da; hala, 2019ko apirilean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren baimena jaso zuen BiMEPek, zerbitzu eskaintzan gailu eoliko flotagarriak ere kontuan hartzeko modukoa. Era horretan, aldi berean, itsaso zabalean, olatuen eta haizearen energia-bihurgailuen proba egiteko aukera du