Energiaren Euskal Erakundeak, Orkestrak eta TECNALIAk ekitaldi hori antolatu dute, sare elektriko adimendunen azterketari eta Europako Itun Berdean eta Suspertze Planetan funtsezko teknologia gisa egiten duten ekarpenari garrantzi berezi bat eman nahian.

Sare elektrikoek energia-sistema egituratzen dute, eta funtsekoak dira energia-trantsizio efiziente bat ziurtatzeko bidean. Testuinguru horretan, maiatzaren 10ean eta 11n, Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVII. Jardunaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira eta hainbat ikuspegitatik, honako hauekin zerikusia duten alderdiei sakonetik heltzeko helburuarekin: batetik, hurrengo urteetan energia-sistemaren jasangarritasunaren eta deskarbonizazioaren, zibersegurtasunaren eta datu-kudeaketaren eremuetan sare adimendunakak garatzea, eta, bestetik, sistema elektrikoaren erabiltzaile berriaren eta energia-komunitatearen zeregina.

Nazioarteko hitzordu horren edizio honek garrantzi berezia eman nahi die sare elektriko adimendunen zereginari, eta Europako Itun Berdean eta Suspertze Planetan funtsezko teknologia gisa egiten duten ekarpenari eta inpaktuari. Izan ere, Europak Itun Berde bat ezarri du klima-alorrean neutroa izango den lehen kontinentea izatea lortzeko. Klima-aldaketatik eta ingurumen-narriaduratik eratorritako erronkak gainditzeko, Europako Berdeak EB eraldatuko du, ekonomia modernoa, baliabideen erabileran efizientea eta lehiakorra izan dadin, 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioak sortzeari uztea, hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik bereiztea eta pertsona eta toki bat ere atzean ez geratzea bermatuz. Testuinguru horretan, sare elektrikoak funtsezko elementu egituratzaileak dira Itun horren helburuak betetzeko bidean, besteak beste: interkonektatutako energia-sistemak eta hobeto integratutako sareak eraikitzea ahalbidetzen dutelako, energia-iturri berriztagarriei laguntzeko; teknologia berritzaileak eta azpiegitura modernoak sustatzen dituztelako; energia-efizientzia bultzatzen dutelako; gasaren sektorea deskarbonizatu eta sektore guztietan integrazio adimenduna sustatzen dutelako; eta Europan itsas energia eolikoaren ahalmen osoa garatzeko bide ematen dutelako.
 
Jardunaldiak eta horien edukia
Nazioarteko biltzarraren XVII. edizio honek garrantzizko topagune bat sustatzen du hainbat herrialde eta eremutako aditu eta ikertzaileentzat. Inaugurazio instituzionala gaur goizean izan da, Iñigo Ansola Kareaga EEEko zuzendari nagusiaren, Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiaren eta Jprge Fernández, Orkestrako energiaren ataleko korrdinatzailearen eskutik.
Biltzarraren lehen saioan, zenbait aditu bilduko dira: garrantzizko beste hainbat ponenteren artean, DG Energy European Commission-eko Ignacio Asenjok. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Energia-alorreko Prospektibaren, Estrategiaren eta Araudiaren zuzendariorde nagusi Miriam Buenok, IRENAko Arina Anisiek, Energiaren Nazioarteko Agentziako Pauline Henriotek edo Banco Interamericano de Desarrollo-ko Marcelino Madrigalek, sare elektrikoek energia-trantsizioan duten zereginaren gainean eztabaidatuko dute.

Guztiek ere honako galdera hauei erantzungo diete: zer egin dezakete sare elektriko adimendunek deskarbonizazio eta jasangarritasuneranzko bidean bultzatzeko?; zein da sareetako operadoreen eta haien negozioaren rola horizonte horretan?; nola jarraitu elektrifikazioaren alde egiten elektrizitatearen prezioak gora eta gora ari diren honetan?; eta nola lortu ahalik eta osagarritasunik handiena sare elektrikoen eta hidrogenoaren eta beste energia-bektore batzuen koexistentziatik?
Horrez gain, beren sektoreetan liderrak diren hainbat konpainia bertaratuko dira biltzarrera: Aclara-Hubbell, Arteche, Hitachi Energy, Iberdrola, Ibil, Ingeteam, Ormazabal, Schneider Electric eta Siemens, besteak beste. Konpainia horietako eta beste batzuetako adituek ideiak eta ikuspuntuak elkartrukatuko dituzte sektore elektrikoaren aktualitatearen gainean.

Sare elektriko adimendunetarako datu-kudeaketaren eta zibersegurtasunaren gakoei ere helduko zaie lehen jardunaldian.

Foroaren bigarren egunean, adituek sistema elektrikoaren erabiltzaile berriaren eta energia-komunitateen zereginean sakonduko dute.
Jardunaldia amaitzeko, Iberdrolako Global Smart Grids Innovation Hub-era bisitaldia egingo da.
XVII. edizio horren gaineko programa zehatza eta informazio gehiago, hemen: https://jieec.com/

Energiaren Euskal Erakundeari buruz
1982an, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen, eta energia-politika baten oinarriak ezarri zituen, energia-efizientzian, gure energia-iturrien dibertsifikazioan eta energia berriztagarrien sustapenean oinarrituta, garai bakoitzean horietako bakoitzari garrantzi desberdina eman zaiolarik. Harrez geroztik, Energiaren Euskal Erakundea energia-agentzia bat da, eta Gobernuak zehaztutako politikekin bat datozen proiektu eta ekimenak garatzeaz arduratzen da. 
www.eve.eus

Orkestrari buruz
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Deustuko Unibertsitateak Deusto Fundazioaren bitartez bultzatutako ekimen bat da, bere laborategietatik lehiakortasuna eta lurralde-garapena aztertzeaz arduratzen dena, hiru helburu hauekin: (1) Euskadiren lehiakortasuna hobetzen laguntzea; (2) Herritarren ongizatea hobetzeko bide ematea; (3) Eskualde-lehiakortasunaren alorrean ezagutza sortzea.
www.orkestra.deusto.es

TECNALIAri buruz
TECNALIA Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Zentro bat da, erreferentea Europan eta BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea; 30 nazionalitateko 1.400 profesional biltzen ditu teknologia Barne Produktu Gordin bihurtzea jomugan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, Enpresetan negozio-aukerak sortuz. Honako eremu hauetan dihardu bereziki: Eraldaketa Digitala, Fabrikazio Aurreratua, Trantsizio Energetikoa, Mugikortasun Jasangarria, Hiri Ekosistema eta Osasuna. www.tecnalia.com