• Proiektua udaberrian egongo da martxan; lanak amaitu ondoren.
  • Bazkidetza fasea martxan da, eta, horretarako, arreta-bulegoak irekiko dituzte Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan.
  • 2.200 kWh-ko kontsumoa duen familia batek 1.239 euroko ekarpena egin beharko du bazkide egiteko.
  • Aurrez izena eman duten familiek txosten pertsonalizatuak jasoko dituzte urriaren 17tik aurrera.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba martxan jartzeko eguzki-parkeko lanak azaro-abendu artean abiatuko dira, eta, aurreikuspenen arabera, martxo-apirila artean egongo da abian proiektua. Modu horretan, dagoeneko bigarren fasea abiatu du kooperatibak, eta proiektua sustatzen duten eragileek prentsaurrekoa egin dute gaur, Arrasaten: Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; Aritz Otxandiano, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna; Hodei Arzak, Ekiolako zuzendari teknikoa; Jon Sasian, Leintz Gatzagako jarduneko alkatea; Aritz Ameztegi, D2030eko energia esku-hartzearen koordinatzailea; eta Monika Belastegi, Goiena Komunikazio Taldeko presidentea.
 
Kooperatibako bazkide izan eta etxean edo komertzioan energia berriztagarria jaso nahi duten herritarrek bazkidetza fasea burutu beharko dute orain. Halaber, bazkide egin edota Ekiolaren inguruko informazio gehiago izan nahi duen edonorentzat arreta-bulegoak irekiko dira datorren astetik aurrera Arrasateko BAZen –astebete goizez eta astebete arratsaldez, txandaka–, Aretxabaletako Murrukixoko lokalean –asteazkenetan– eta Eskoriatzako udaletxean
–astelehenetan–.
 
“Bazkidetza fasea hasi da eta familiei behar duten informazio guztia eman nahi diegu”, esan du Maria Ubarretxenak, Arrasateko alkateak; ildo horretan, datu batzuk aurreratu ditu: Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak sortuko duen argiaren prezioa 45 €/MWh izango da. Bestalde, orain artean 400 bat familia aurreinskribatu dira, eta, familia horien bataz besteko kontsumoa 2.200 kWh dela kontuan izanik, familia-unitate bakoitzaren hasierako inbertsioa 1.239 eurokoa
 
litzateke –Ogasuneko kenkariak kontuan izanda–. “Gure aurreikuspenen arabera, ekarpen hori hiru urte eta erdian amortizatuko lukete familiek”, azaldu du Ubarretxenak.
 
10.000 metro karratuko zabalera eta 2.300 panel fotovoltaiko izango ditu Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean kokatuko den eguzki-parkeak. Parkearen aurrekontua 1.700.000 euro ingurukoa da eta sorrera horretan bi ekarpen esanguratsu daude: batetik, Fagor Taldeak egindakoa, 335.400 euro; bestetik, Europatik jasotako Next Generation funtsak, 644.000 euro. Horrenbestez, ia milioi bat euro ditu dagoeneko Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak.
 
Familiek egin beharreko ekarpenean, laguntza esanguratsua da proiektuak Europatik jasoko duen funtsa. IDAE Instituto para la Diversificacion y Ahorro de la Energia erakundeak bideraturiko laguntza horretan jarri du fokua Iñigo Ansolak, EEEko zuzendari nagusiak: “Leintz Bailarako udalek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean erakundeak eta Fagorrek egindako ahaleginari esker, proiektu hau gauzatu egingo da, eta, batez ere, Euskadik Next funtsetatik 4,2 milioi lortu dituelako Euskadin sei Ekiola egiteko: bat Arrasaten jarriko da eta beste bost Araban”. Leintz Bailararen kasuan, laguntza ematerakoan positiboki baloratu da Leintz Gatzaga proiektuko parte izatea, erronka demografikoa duen herria delako, hain justu ere.
 
Era berean, Fagor Taldeak proiektuari egindako ekarpena Fagor 2030 estrategiari estuki lotuta dago, eskualdearen trantsizio energetikoarekin eta komunitatearekin taldeak duen inplikazioaren adierazle argia. Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak azpimarratu du trantsizio energetikoan “denok” inplikatzeko beharra: “Instituzioak, herritarrak eta enpresak elkarlanean”. Debagoienean zero kilometroko energia izatearen garrantzia ere nabarmendu du Otxandianok: “Gure energia kontsumoa murriztu eta sorkuntza berriztagarrian jauzi bat egiteko aukera daukagu, gaur-gaurkoz, erregai fosilekiko daukagun menpekotasuna murrizteko”.
 
Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren xehetasun teknikoak azaldu ditu Hodei Arzakek, Ekiolako zuzendari teknikoak. Proiektuaren potentzia 1,25 MWp-koa izango da eta energia sorkuntza 1,35 GWh/urtean: “Honek emango luke 600 bat familiaren kontsumoaren %100 lortzeko ahalmena”. Halaber, energiaren kostua 45 €/MWh izango da kooperatibako bazkideendako.
 
Datu horiek kontuan izanik, dagoeneko izena eman duten familiei urriaren 17tik aurrera txosten pertsonalizatuak helaraziko zaizkie, bakoitzaren ekarpen zehatza eta aurreztuko dutena zehaztuz.
 
Bestalde, Ekiluz enpresa merkaturatzailea eratu dute, sortutako energia berriztagarria banatzeko.
 

Familia eredua
 

2.200 kWh-ko kontsumoa duen hiru pertsonako etxebizitza baten kasuan, familiaren hasierako inbertsioa 1.239 euro litzateke, guztira –Ogasuneko desgrabazioa jaso aurretik: 1.458 euro–. Eta, esan bezala, familiek hasieran egindako ekarpena hiru urte eta erdian berreskuratuko lukete.
 
Halaber, erreferentzia moduan, familia eredu berak gaur egun daukan urteko faktura 780 euro ingurukoa da. Horrenbestez, aurreikuspenen arabera, gaur egungo prezioekin alderatuta,
%25-30eko murrizpena izango luke fakturan.
 
 
Lehenengo urtea:
Partaidetzagatiko aurreztea:     -144,09 euro (%20)
Kenkariak:                                 -218,55 euro (%29,5)
Ekarpenaren itzultzea:              -48,60 euro (%6,5)
Lehenengo urtean aurreztutakoa: %56
 
Bigarren urtea:
Partaidetzagatiko aurreztea:    -144,09 euro (%20)
Ekarpenaren itzultzea:             -48,60 euro (%3,3)
Bigarren urtean aurreztutako: %26