Bart eman dituzte sariak Bilbon, Energiaren Euskal Erakundearen laguntzari eta Redeia sarearen babesletzari esker.

EnerAgen Energia Kudeatzeko Espainiako Agentzien Elkarteak energiaren arloko bere Sari Nazionalak eman ditu, sari horien aurtengo hamalaugarren edizioan. Energia-sektorean aditu diren esparru publiko eta pribatuetako bost profesionalek osatutako epaimahaiak zera balioetsi du, proiektu sarituek trantsizio energetikoak zenbait funtsezko alderditan planteatzen dituen erronkei erantzuten dietela, eta alderdi horien artean ditugu energia berriztagarriak, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria eta energia-erkidegoak, eta trantsiziorako funtsezkoak diren beste zenbait alderdi, hala nola herritarrei zuzendutako sentsibilizazioko eta zabalkundeko anbizio handiko ekimenak martxan jartzeko premia argia.

Sarituak

Energia Berriztagarrietan izandako jarduketa onena Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuari egokitu zaio, erakunde horren hautagaitza Energiaren Euskal Erakundeak berak bermatzen zuelarik.
 
1,7 milioi eurotik gora inbertitu ditu Euskal Osasun Zerbitzuak azken urtean autokontsumo fotovoltaikoko instalazioetan Euskadiko 44 osasun-zentrotan, eta horri esker % 30-35eko batez besteko aurrezpena lortuko du elektrizitate-kontsumoan, urtean CO2 emisioen murrizketa nabarmena eraginez (400 tona inguru).
 
Passivhaus-Kora Green City eraikina izan da jarduketa irabazlea Energia Efizientziaren kategorian, Renacimiento Central Suites enpresak sustatutako eta Energiaren Euskal Erakundeak berak ere bermatutako eraikina, hain zuzen ere.
 
Europan alojamendu kopuru handiena eskaini dezakeen Passivhaus energia-ziurtapena duen hotel-konplexua da. Gasteizen eraikia, 180 apartamentu jasangarri eta ‘inteligente’ dauzka. Inguratzaile termiko bat eta errendimendu oso handiko instalazioetako hainbat sistema dauzka eraikinak, domotika ere erabiltzen du, eta bertan ez da gasak edo petrolioaren deribatuek elikatutako sistemarik instalatu, kontsumoa murrizteko eta karbono-aztarna positibo bat sustatzeko.
 
Mugikortasun Jasangarrian irabazlea izan den proiektua Valladolideko Unibertsitateak eta Life Smart Agromobility egitasmoak sustatutako proiektu bat da, EREN Gaztela eta Leongo Eskualde Erakundearen bermearekin aurkeztutakoa.
 
Abeltzaintzaren sektorean negutegi-efektuko gasen emisioak murriztea du helburu nagusitzat ekimen horrek, ibilgailuetarako biometanoa produzituz eta bioongarriak sortuz, txerritegietako azpi-produktu eta emisiogune nagusia –hau da, txerri-mindak– modu efizientean kudeatzea ahalbidetzen duen prozesu batean.
 
Trantsizio energetikoari lotutako Sentsibilizazioaren eta Zabalkundearen kategorian, epaimahaiaren balioespenaren arabera Prat de Llobregat-eko Udaleko Energiaren Etxeak egindako lana izan da ekimenik onena, ICAEN Energiaren Kataluniako Institutuak bermatuko ekimenean.
 
Hiri-arloko eraldaketa energetikoko udalgune bat bezala pentsatuta dago ‘La Casa de l’Energía’ proiektua, eta herritarrei, enpresei eta profesionalei laguntza ematera dago bereziki bideratua. Aholkularitza-zerbitzuen aukera zabala eskaintzen du energia berriztagarrien, aurrezpenaren eta energia-efizientziaren arloan: fakturen azterketa, eguzki-plaken instalazioa, eraikinen zaharberritze energetikoa. Hori guztia zabalkunde- eta prestakuntza-lan handi batekin osatuko da, energiaren ikasgelaren bidez, eskola-ikasleei, profesionalei eta herritarrei zuzendutako hainbat jarduera antolatuta.
 
Azkenik, Ballesteros de Calatravako Energia Berriztagarrien Erkidegoak EnerAgen Energiaren Espainiako Agentzien Elkartearen bermearekin aurkeztu du bere hautagaitza, eta proposamen hori aukeratu dute urteko jarduketa onena energia-erkidegoen arloan.
 
Berrikuntza-osagai garbia duen energia-erkidegoa dugu, Energiaren Toki Merkatu gisa eratzen dena, autokontsumo fotovoltaikorako funtzionaltasun gehigarriak ezarriz, hala nola biltegiratze adimenduna, zeinak egunean 24 orduko hornidura ahalbidetzen duen; Energiaren Zentral Dinamiko Birtual bat, kargen kudeaketa eta modulazioa ahalbidetzen duena; energia-fluxuak denbora errealean monitorizatzeko sistemak; webgune-plataforma bat, parte-hartzaileei sorkuntzari eta kontsumoari lotutako beren informazioan libreki sartzea ahalbidetuko diena, baita blockchain funtzionaltasunak ere aktibo tokenizatuetan inbertitzeko.

Akzesitak

Bi akzesit ematea erabaki du epaimahaiak edizio honetan. Lehenengoa IMPORTACO SA enpresaren Autokontsumo Termiko eta Elektrikoa: Deskarbonizazioaren gakoa proposamenari, Energia Berriztagarrien kategorian. IVACE Enpresa Lehiakortasuneko Valentziako Institutuak bermatzen du jarduketa hori.
 
Castillo de Matrerako Tokiko Energia Erkidegoarentzat da beste akzesita, Villamartíngo udalerriko Castillo de Matrera Energia Elkarteak aurkeztatutako proposamena, APEC Cadizko Energiaren Agentzia Probintzialaren laguntzarekin.

Epaimahaia

Edizio honetan epaimahaiko kide izan dira IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuko idazkari nagusi María Francisca Rivero, Redeia sareko Berrikuntza Sozialeko Departamentuko arduradun Juan Ávila, Ingeniaritza Industrialeko doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Víctor de la Peña Aranguren, CIRCE Baliabide eta Kontsumo Energetikoak Ikertzeko Zentroko zuzendari nagusi Andrés Llombart, eta El Economista egunkariko zuzendariorde eta egunkari horretako Revista Energía aldizkariko zuzendari Rubén Esteller.