Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Ihobek “Erreminta-gida” programa aurkeztu dute gaur Arraia-Maeztun, klima-krisiari aurre egiteko eta energia aurrezten laguntzeko udalerri eta eskualdeei zuzendutako laguntzekin
 
Parte hartzaileek babesa eman diote energia aurrezteko berogailuen tenperatura 19ºC-ra mugatzera animatzen duen kanpainari

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Ihobeko Ingurumen Jasangarritasuneko arloko zuzendaria Xabier González Vegas Arraia-Maeztun bildu dira gaur goizean Arabako Mendialdeko eta Guardia-Arabako Errioxako alkate, zinegotzi, mankomunitateetako kide eta kuadrilletako teknikariekin, “Erreminta-Gida” aurkezteko. Energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren arloan ekimen berriak garatu ahal izateko tokiko administrazioei laguntzeko programa da. Jardunaldian Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkateak parte hartu du.
 
Aurkeztutako tresnen artean, tokiko administrazioetan teknikariak kontratatzeko aukera nabarmentzen da, EEEk eta Ihobek Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioari esker. “Klima aldaketa eta trantsizio energetikorako 30 teknikari kontratatzeko aukera emango duen hitzarmen honen bidez, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatuko dugu”, nabarmendu du Iñigo Ansola EEEko zuzendariak.
 
Bestalde, Xabier González Vegas Ihobeko Ingurumen Jasangarritasuneko arloko arduradunak azpimarratu du tokiko eragileek zeregin garrantzitsua izan dezaketela krisi klimatiko eta energetikoari aurre egiteko palanka gisa. “Etorkizuneko energia-kontsumoa zehaztuko duten oinarrizko gaietan, hiri-ereduen definizioan edo mugikortasuna nolakoa izango den zehaztuko duten funtsezko eragileak zarete, eta ‘Erreminta-gida’ programarekin, tokiko esparruetatik eremu horietako trantsizioari aurre egiteko laguntza izango duzue”, azaldu du. 2030. urterako, tokiko administrazioek kontsumoa %35 murrizteko eta energia berriztagarrien %32 lortzeko erronka dute.
 
Ekitaldian zehar, bertaratutakoek babesa eman diote "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainari, hau da, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainari.
 
EEE eta IHOBE Euskadiko udalei, mankomunitateei, kuadrilla, garapen-agentziei eta landa-garapeneko elkarteei egiten ari diren hamaika aurkezpenetako bat izan da gaurkoa, erakunde horiek, Udalsarea 2030en bidez, Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak jaso ditzaketen laguntzen berri zuzenean emateko.