“Erreminta-gida” programak hainbat baliabide eskainiko dizkie, besteen artean Lanbide eta Novia Salcedo Fundazioarekin sinatutako akordioari esker, teknikariak kontratatzeko laguntza
Ekitaldian zehar, bertaratutakoek bat egin dute berogailuen tenperatura maximoa 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin
Tokiko administrazioek energia-ereduekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako oinarrizko gaietan eskumenak dituzte. Horregatik, Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak laguntza-programa zabala diseinatu dute udal eta mankomunitateentzat, energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren arloko ekimenak abian jartzen laguntzeko. EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak ‘Erreminta-gida’n jasotako laguntza sorta hau aurkeztu die gaur goizean Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko erakundeetako ordezkariei eta teknikariei, Ugaon egindako topaketa batean. Laguntza-baliabideen artean, nabarmentzekoa da tokiko talde teknikoak indartzeko aukera, langile berriak kontratatuta. Ekitaldian Ugao-Miraballeseko alkateak parte hartu du, Ekaitz Mentxakak.
Topaketaren amaieran, bertaratutakoek bat egin dute "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainarekin, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin, alegia.
Iñigo Ansola EEEko zuzendariak gogorarazi du tokiko administrazioak 2030erako “kontsumoa %35 murrizteko eta energia berriztagarrien %32 lortzeko erronka” duela, eta funtsezko eragilea dela “hiri eta mugikortasun eredu eraginkorragoak ezartzeko”.
Ildo horretan, EEEk eta Ihobek udalei eta mankomunitateei laguntzen diete azterlanak eta auditoretzak egiten, garapen jasangarria sustatzen, tokiko ekintza klimatikoari lotutako ekoberrikuntza egiten, auto elektrikoa kargatzeko guneak instalatzen, energia-autokontsumorako pizgarriak ematen edo berriztagarriak instalatzen.
Horrez gain, Alexander Boto Ihoberen zuzendari nagusiak iragarri duenez, “Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin egindako akordio baten bidez, toki-administrazioetan teknikariak kontratatzea sustatuko dugu, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko 30 teknikariren kontratazioa bultzatuz urtebetez, eta, aldi berean, enplegu gaztea eta berdea bultzatuz”.
Joan den azaroaz geroztik, bi erakundeak informazio-bilerak egiten ari dira Euskadiko udal, mankomunitate, koadrila, garapen-agentzia eta landa-garapeneko elkarte guztiekin, laguntza-sorta horren berri eman eta trantsizio energetiko eta klimatikoan laguntzeko.