Energiaren Euskal Erakundeak energia-efizientziaren munduko egunaren harira egindako kanpaina berria

  • EEEk efizientzia bultzatzeko egindako kanpainei esker, azken zazpi urteotan EAEko energia-eskarian % 4,3 aurreztu da.

Segidako laugarren urtez, Energiaren Euskal Erakundeak –Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia da– energia-efizientziari eta energia aurrezteari buruzko kontzientziazio-kanpaina abiaraziko du energia-efizientziaren munduko eguna dela eta; izan ere, bihar –martxoaren 5a– da egun hori, eta energiaren erabilera arduratsuari balioa ematea du xede.
 
Kanpaina online komunikabideetan eta irratietan egingo da, eta eguneroko zereginetarako energia ohiko moduan erabiltzen duten kontsumitzaileei, batik bat, zuzenduta egongo da. Zentzu horretan, arreta ematea da kanpainaren helburua, ekintza indibidualek –itzaltzeko botoiak erabiltzea, esaterako–, oro har, ekarpen handia eragiten baitute. Energiaren erabilera arduratsuaren kontzientzia kolektibo horrek ahalbidetuko digu, gizarte garen aldetik, energia-garapen jasangarriagoaren bidean aurrera egitea eta trantsizio energetikoaren helburuak betetzea.
 
Efizientzia –lehen energia-iturritzat hartuta (energiarik onena kontsumitzen ez dena baita)– funtsezko zutabea da Eusko Jaurlaritzaren Energia Politikan eta, horren ondorioz, baita Energiaren Euskal Erakundeak duela 37 urte sortu zenetik egiten duen lanean ere. Hori horrela dela, Euskadiko industriari eta beste sektore kontsumitzaile batzuei laguntzeko programetan eragin nabarmena du, energiak zuzenean eragiten baitu bai etxeko eremuan, bai enpresek nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duten ahalmenean.

Efizientzia, aurrezteko gakoa
Efizientzia oso garrantzitsua dela ikus daiteke, halaber, EEEk energia-kontsumoaren murrizketa sustatzeko urtero abiarazten dituen laguntza-programetan. Aipatu behar da, 2012-2018 aldian, proiektu eta instalazioak abiarazten laguntzeko programa horiek lagungarri izan zirela energia aurrezteko, 279.000 petrolioaren tona baliokideko aurrezki metatua lortu baita energia primarioan. Alegia, Euskadiko urteko energia-eskariaren % 4,3.