Parkearen jabekide gisa dagokion produkzioaren zati bat eskaintzen dio udalerriari Energiaren Euskal Erakundeak

  • Eguzki-parkeko energia berriztagarriaren bidez kontratatu ahalko dute hornidura elektrikoa herritarrek, merkatu elektrikoarena baino prezio txikiagoan.
  • 2022ko uztailaren 18an hasiko da merkaturatze-prozesua.

Erriberabeitiko udalerriak eta bertako herritar guztiek Ekian eguzki-parkean produzitutako elektrizitate berriztagarriaren abantailak baliatu ahalko dituzte. Parkea mugakidea da udalerriko herrigunearekin, eta uztailaren 18tik aurrera merkaturatuko da elektrizitatea.
 
Ekian parkeko eguzki-planta fotovoltaikoak sortutako energia elektrikoa Erriberabeitian bizi diren eta hori nahi duten 1.452 pertsona ingururentzako energia-horniduraren barruan egongo da. EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta udalaren artean lortutako akordioak zera aurreikusten du, EEEri proiektuaren bazkide gisa dagokion energiaren zati baten merkaturatzea herritarrentzat oso baldintza onuragarrietan izatea.
 
Zerbitzu-eredu berri horrek gardentasun-bermea izan nahi du 0 km-ko energia berriztagarria bidezko prezioan eskainiko duen energia-kudeaketan. Hornidura-zerbitzu hori kontratatzen duten pertsonek Ekian parketik eratorritako energia prezio finkoan izango dute eguzki-ordutegian kontsumitzen duten energiaren kasuan, hau da, parkeak duen funtzionamenduaren eguneko orduetan. Prezio aldaezina 0,067 euroan ezarri da kontsumitutako kWh-ko, kostu benetan lehiakorra, eguneroko merkatu erregulatuak normalean ezartzen duena baino txikiagoa.
 
Esperientzia aitzindari honetarako Ekiluz Energía Comercializadora enpresaren lankidetza izango dugu, eta berak egokituko ditu bere sistemak pertsona bakoitzak bere faktura elektriko propioan egiaztatu ahal dezan zenbaterainokoa den udalerrian bertan sortutako energiarekin gauzatutako kontsumo-ehunekoa eta horri esker lortutako aurrezpena. Kontratuek ez dute iraunkortasun-eperik izango eta herritarrek nahi duten unean bertan hutsaldu ahalko dituzte.
 
Hurbilagoko energia-kudeaketako eredu bat lortzeko lan egitea da ekimen honen helburua; kontsumitzaileak sistemaren zati izango dira, kontsumoan zein, ahal den neurrian, elektrizitatearen sorkuntzan bertan, produkzioko eta kontsumoko puntuen arteko hurbiltasunari esker, Erriberabeitian gertatzen den bezalaxe. Produkzio berriztagarriaren energia- eta ingurumen-arloko abantailak indartu egiten ditu, halaber, energiaren prezio egonkorrak, zerbitzu elektrikoaren faktura murriztea ahalbidetzen baitu, tokian bertan produzitutako eguzki-energia aprobetxatuz eguneko ordutegian gauzatutako energia-ehunekoari esker. 
 
 
Nola kontratatu
Ekiluz Energía enpresa merkaturatzaileak bi kontratazio modalitate gaituko ditu: 

  • Online: uztailaren 18tik aurrera eta abuztuaren 31ra arte eskueran egongo da www.ekiluzenergia.com/ribera-baja webgunean, non % 100 online kontratatu ahalko den.
  • Presentziala: aldez aurreko hitzorduarekin Erriberabeitiko Udaletxean uztailaren 18tik aurrera, eta kontratazio modalitate hau uztaileko egun hauetan egongo da indarrean: 18, 19, 20, 26 eta 27.
 
Kontratatzeko eskakizunak
  • Bizitegi-tarifei soilik zuzendutako eskaintza (2.0TD) Erriberabeitiko udalerrian dauden hornikuntza-puntuetarako, 01213 posta-kodearekin (Araba).
  • Kontratuaren titularrek edo baimenduek soilik egin ahalko dute produktuaren kontratazioa.
  • Hornikuntza-puntuko titularraren NANa aurkeztu beharko da kontratazioa egiteko, baita haren enpresa merkaturatzaile elektrikoaren azkenaldiko faktura bat ere.
 
Eguzki-parke aitzindaria
2020. urtean inauguratu zen Ekian eguzki-parkea eta Euskadin dagoen parkerik handiena da. 24 MW-ko potentzia instalatua du eta martxan jarri zenean une horretara arteko EAEko eguzki-potentzia bikoiztu zuen. Gainera, eredu kooperatibo bat da, gure ingurunean eguzki-energiaren aprobetxamendu berriztagarri handiagoa bilatzen duten ekimenak inspiratu dituena.
 
Aliantza baten bidez garatu zen proiektua, zenbait euskal konpainiaren eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundea energia-agentziaren ahalegin inbertitzailea batuz. Parkean instalatutako potentzia totalaren MW 1en jabe da EEE eta, horrenbestez, produzitutako elektrizitate berriztagarriaren dagokion proportziozko zatiarena, energia hori orain Erriberabeitiko udalerrian aprobetxatu ahalko delarik.