Solariak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak, INDARBERRI sozietatearen izenean, Gasteiz 1 eta Gasteiz 2 instalazio fotovoltaikoen aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpenak lortu dituzte, 100 MW-eko ahalmenekoak, guztira. 

Instalazio horiek Arratzu-Ubarrundian, Burgelun eta Gasteizen daude, eta energia berdea sortuko dute 30 urtez baino gehiagoz, eta urtean atmosferara 50.000 tona CO2 isurtzea saihestuko dute. Instalazio fotovoltaiko horiek urtean 60.000 etxe hornitzen ahalko dituzte. Era berean, energia hori Euskadiko enpresentzat eskuragarri egongo da oso prezio lehiakorrean.

Solariak apustu sendoa egin du Euskadiren alde. Solariak datozen urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko dituen proiektuen zorroko lehenengo bi parkeak dira Gasteiz 1 eta Gasteiz 2 instalazio fotovoltaikoak. Konpainiaren helburua da energia kutsatzaileen ordez beste energia berriztagarri batzuk erabiltzea eta energia-trantsizioaren buru izatea. 

Horretaz gain, Solariak euskal sozietate bat sortu du, Solaria Eguzki Sorkuntza, Arabako Parke Teknologikoan kokatua, eta gaur egun 20 langile ditu, nahiz eta datozen hilabeteetan sozietateak handitzen jarraituko duela aurreikusten den. 

Parke fotovoltaiko horiek txertatuta daude Euskadiko 2030eko Energia Estrategian, eta estrategia horretan bildutako helburu zail edo bihurrienetako bat betetzen laguntzen dute: hamarkada honen amaieran energia berriztagarriek azken energia-kontsumoan %21eko parte-hartzea lortzea.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolaren hitzetan, Ingurumen Eraginari buruzko Adierazpen hauek onartzeak “bide onetik goazela adierazten du, energia garbi, berde eta iraunkorrean oinarritutako etorkizuna lortzeko, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzeaz gain, elektrizitatearen prezioak jaisten laguntzen diguten proiektu-mota horiei esker, bai etxeentzat, bai industriarentzat”.  

 “Ingurumen-baimen horiek lortzea mugarri handia da guretzat. Euskadik potentzial handia du eguzki-energia fotovoltaikoa garatzeko, eta guk, EEErekin eta bertako gizartearen laguntzarekin, aldaketa horren partaide izan nahi dugu”  adierazi du Darío López Solariako zuzendari nagusiak. 

 

 

Solariaz (www.solariaenerg.com)

 

Solaria enpresa aitzindaria da Europako hegoaldean eguzki-energia fotovoltaikoaren garapenean eta sorkuntzan. 2002an sortu zenetik, energia berriztagarrietan espezializatu da. Haren negozio-eredua zelula eta panel fotovoltaikoen fabrikaziotik hasi eta sorkuntza-instalazioen garapen eta kudeaketara iritsi da. Solariak ibilbide luzea egin du Espainiako burtsan, eta 2007tik kotizatzen du. 2020an amaitu zen, Ibex 35 selektiboan sartu zenean. 2021ean, Solaria Signatory bazkide gisa atxiki zitzaion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari, konpainiak jasangarritasunarekin duen konpromiso sendoari esker, Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) eta Agenda 2030ekin bat etorriz.

 

Azken urteotan, Solariak ahalegin handiak egin ditu jasangarritasuna hazkunde-estrategiaren funtsezko oinarri gisa txertatzeko. 2019tik aurrera, enpresak %90 murriztu du karbono-aztarna, eta, besteak beste, 2030erako zero emisioren helburua ezarri du, energia-eraginkortasunerako ekimenen bidez.

 

Energiaren Euskal Erakundeari buruz (www.eve.eus)


Eusko Jaurlaritzako Energia Agentzia, EEE Energiaren Euskal Erakundea, Euskadiko Energia Estrategiak proposatzeaz arduratzen da, horretarako bere esperientzia eta ezagutza teknikoan oinarrituta, eta aktiboki parte hartzen du ezarritako helburuak betetzeko, askotariko energia-proiektuetan parte hartuz.

Energia-sektoreko eragileekin batera, hainbat proiektu eta ekimen 
sustatzen ditu, energia-eraginkortasunaren, energia-hornidurako iturriak dibertsifikatzearen eta energia berriztagarriak ezartzearen inguruan. Azken helburua da energiaren jasangarritasuna lortzea eta euskal gizarte osoarentzako kalitatezko eta lehiakorreko energia-hornidura bermatzea.