Europar Batasunak sustatutako Alkateen Itunaren egitasmoaren esparruan, udalerrietako energia egoera hobetzeari begira
Energiaren Euskal Erakundeak udal ordezkari ugari bildu ditu gaur goizean, Alkateen Itunarekin bat egindakoak eta Europar Batasunak bultzatutako ekinbidean laster parte hartuko dutenak. Itun horren helburua da udal alorrean energia-planifikazioa garatzea.
Hirugarren udal topaketa honen xedea hauxe izan da: finantza baliabideak eta erabilgarri diren alternatibak jartzea toki mailako erakundeen eskura, energia-iraunkortasunaren aldeko proiektuei heltzeko, hau da, energia berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna eta aurrezkia ezartzeari begirako egitasmoak garatzeko.
Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak hauxe azaldu du: “Egitasmoak finantzatzeko eta beraien arrisku maila murrizteko, beharrezkoa da eskema berritzaileen aldeko apustua egitea, diru publikoaren erabilera eragingarriagoaren eta egokiagoaren bidez”. Proiektuak aurrera eramateko laguntza teknikoa eta energia-eraginkortasunaren inguruko proiektuei lotutako arriskua era sistematikoan murrizteko gai diren ekinbideak eta lanabesak jarri nahi dira udal agintarien eskura. Ansolak nabarmendu du toki mailan egiten den ahalegin eskerga: “Euskal energia-trantsizioaren alde, errealitate berri batera eramango gaituena, energia berriztagarrien, energia-eraginkortasunaren eta garapen iraunkorraren bitartez”.
Topaketan edo jardunaldian, zenbait jardunbide on ezagutzeko aukera izan da; adibidez, Donostia Kirolak sustatutakoa, kirol-instalazioetan energia-eraginkortasuna hobetzeko xedez, Sestaoko hirigintza berritzeko edo leheneratzeko proiektuaren ingurukoa eta Gasteizeko hiri-mugikortasun iraunkorraren aldeko estrategia.