Mundu mailako puntako azoka horretan BiMEPek bere saiakuntza ahalbideak aurkeztuko ditu eolika flotagarriaren alorrean

BiMEP, itsas energiak probatzeko instalazioa, WindEurope deritzon nazioarteko kongresuan eta erakusketan izango da, aste honetan zehar Alemaniako Hanburgo hirian egingo dena. Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia ere azokan izango da, Euskadiko energia sektorean diharduten enpresa batzuetako ordezkariekin batera, eta datorren udaberrian, Bilbon egingo den antzeko ekitaldiaren aurrekoa edo antesala den bilkura horretan. Euskadin egingo den hitzordu horretan nazioarteko industria eoliko gehiena elkartuko da.  

WindEurope Hamburgo kongresuan, iraungo duen lau egunez, 500 txostengile edo hizlari aditu baino gehiago izango dira konferentziak ematen. Horiekin batera, mundu osoko 8.000 delegatu eta profesional inguru ere izango dira. Horietaz gain, 400 enpresatako arduradunak izango dira beren produktuak aurkezten, zabalkunde betean dagoen industria horren produktuak, hain zuzen ere. Edizio honen ondoren, Bilbokoa izango da txanda hartuko duena, WindEurope Bilbao izenekoa, 2019ko apirilean egingo dena, Bilbao Exhibition Centren itsas energia berriztagarrien alorreko ordezkaritza handia eta garrantzitsua elkartuko da.  

Euskadi, energia oinarri hartuta, Europan eredugarria den ezagutza eta hazkundeari lotutako erakargune bat da. Izan ere, alorreko 105 enpresak osatzen dute goi mailako lehiakortasun estrategiko eta garapen teknologiko sare sendoa, nazioartean diren merkatu nagusietan lehiatzen dena. Bertan izandako bilakaera positiboa, Europako hegoaldean diren merkatuen ahalbidearekin batera, lagungarri izan da Bilbo aukeratua izateko Europako Elkarte Eolikoaren aldetik. Hala, haren ekitaldi nagusia hartuko duen Bilboko bilkuran aukera paregabea izango du euskal industriak negozioak egiteko eta hartu-emanak izateko arloko ordezkariekin.