Energiaren Euskal Erakundeak eta Giroak osatutako sozietate publiko-pribatua

  • Berokuntzari eta ur beroari lotutako premiei erantzuten die sareak, horretarako biomasa erabiliz, hau da, erabilera hedatueneko iturri energetiko berriztagarrietako bat.
  • 500 etxebizitza-erabiltzaileri eman beharreko zerbitzua bermatuko du Zurberoa.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Giroak ZURBEROA deitutako sozietate publiko-pribatu baten sorrera formalizatu dute, eta aurrerantzean sozietate hori arduratuko da bere aktibo guztiak eta Arabako hiriburuko Koroatze auzoa hornitzen duen bero-sareak eskaintzen dituen zerbitzuak kudeatzeaz.
 
Eusko Jaurlaritzaren agentzia energetikoak –Energiaren Euskal Erakundeak– eta orain arte zerbitzua emateko eta instalazioaren mantentze-lanak egiteko ardura izan duen Giroa-Veolia enpresak % 50eko partaidetza dute Zurberoan. Gasteizko Udalaren onespena du sozietate-aldaketak, udalak ontzat eman baitzuen aldaketa hori urriaren 14an egindako gobernuko osoko bilkuran.
 
Berrantolaketa horren ondoren, bero-sare jasangarri horri esker jada hornitzen diren etxebizitza guztiek (500 etxe inguruko bezero multzoa osatzen dute) zerbitzu berak jasoko dituzte aurrerantzean ere, inolako kontratu-aldaketarik gabe, eta orain arteko kalitate eta berme berarekin betiere.
 
Biomasa bidezko bero-sarea
Sare elektrikoa edo gas-sarea etxebizitzetara iristen den modu bertsuan hornitzen ditu pertsona erabiltzaileak beroa banatzeko sare honek. Bide publikoan lurperatutako tutuen bidez, Aldabe Gizarte Etxean dauden bi biomasa-galdararen bidez modu zentralizatuan produzitzen den ur beroa sarera konektatutako eraikinetaraino banatzen da eta, hori horrela, atxikitako etxebizitzak hornitzen ditu. Kasu honetan, berokuntzari eta ur beroari lotutako premiei oso modu efizientean eta jasangarrian erantzutea ahalbidetzen duen beroa da. Koroatze auzoko 5 etxadietan hedatzen da sarea; 111 atarik eta 1.313 etxebizitzak osatzen dute guztira auzoa, eta 500 etxebizitza inguruk dute jada bero-zerbitzu zentralizatuez gozatzeko aukera.
 
Ikuspuntu energetikotik begiratuta, etxebizitza bakoitzean galdara indibidualen bidez egindakoa baino produkzio efizienteagoa da. Gainera, biomasa erabiltzen da erregai nagusi gisa, aprobetxamendu berriztagarri eta jasangarria eskainiz, biomasaren erabilerak zuzenean eta proportzio berean murrizten baitu erregai fosilen erabilera.
 
Euskadin erabilgarritasun handia duen iturri energetikoa da biomasa, baita energia berriztagarri erabiliena ere, bere forma guztietan. Izan ere, kontsumitutako iturri berriztagarri guztiak hartuz gero, % 57 biomasari dagozkio, atzetik bioerregaiak, eguzki-energia, energia eolikoa eta energia hidroelektrikoa daudelarik.

Captura-de-pantalla-2024-11-18-a-las-8-46-09.png