• Salgaien errepideko garraio-flotak modernizatzeko laguntza-programa bihar irekiko da, eta azaroaren 15era arte egongo da indarrean.
  • Ordeztu beharreko salgaien ibilgailu astunen parkea nahitaez txatar bihurtzeak energia- eta ingurumen-eraginkortasuna hobetzea ekarriko du.
  • Arantxa Tapia sailburuak programaren xehetasunak aurkeztu dizkie garraio sektoreko ordezkariei

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua ASETRABI, GITRANS, ARASUR garraiolarien elkarteetako ordezkariekin eta Mugikortasuneko klusterrarekin bildu da gaur goizean, bihar bertan irekiko den programaren xehetasunak emateko. Sailburuarekin batera, Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko Bizkaiko foru diputatua eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia izan dira bileran.

Salgaiak errepidez garraiatzeko kamioi-flotak modernizatzeko laguntza-programa Eusko Jaurlaritzak irailaren 1ean aurkeztu zuen Energia Kontingentziako Planaren ekimenetako bat da. Kontingentzia planak Europar Batasunaren esparruan adostutako gasaren eta energiaren kontsumoa murrizteko tresnak eta neurriak jasotzen ditu eta beste neurri askoren artean kamioiak berritzeko plan hau aztertzeko asmoa jasotzen zuen.  

Kamioien Renove honek gaur egun euskal errepideetan zirkulatzen ari diren parkeko ibilgailu zaharrenen ordezkapena osatu nahi du. Laguntza horien helburua mugikortasuna gero eta eraginkorrago eta jasangarriago bihurtzea da. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak energia konbentzionalak dituzten ibilgailuen eraginkortasuna bultzatzen du, energia alternatiboak dituzten mugikortasun-eredu berriei bide emateko.
 
Kamioientzako Renove Plana izenez ezagutzen den plan honek 7 milioi euroko aurrekontua du, eta 2022ko irailaren 27an jarriko da indarrean. Eskaerak telematikoki aurkeztu ahal izango dira datorren azaroaren 15era arte, eta diruz laguntzeko moduko jarduketatzat hartuko dira ibilgailu eraginkorragoak erostea, betiere ordeztutako ibilgailua, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen Espainiako Estatuan matrikulatu behar izan dena, txatar bihurtzen bada.

Hurrengo koadroak ibilgailuaren kategoriaren, motorizazio-teknologiaren eta hartzaile motaren araberako laguntza finkoaren banakako zenbatekoak laburbiltzen ditu.
 

Motorizazioa Kategoria Laguntza (€)
Ezinbesteko txatar bihurtzea
ETE eta autonomoak Enpresa handiak
GNC, GNL, biometano N2, 3,5 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 5 tona arte 14.100 13.750
N2, 5 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 8 tona arte 16.900 15.500
N2, 8 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 12 tona arte 20.750 19.000
N3, 16 tona arteko masa maximoarekin  29.000 25.500
N3, 16 tona baino gehiagoko masa maximoarekin  34.000 30.500
Diesel Euro VI_E N2, 3,5 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 5 tona arte 13.890 13.575
N2, 5 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 8 tona arte 16.410 15.150
N2, 8 baino gehiagoko masa maximoarekin eta 12 tona arte. 19.875 18.300
N3, 16 tona arteko masa maximoarekin 27.600 24.450
N3, 16 tona baino gehiagoko masa maximoarekin 32.600 29.450


Eskuragarri dauden funtsak behar bezala banatzeko, gehieneko muga bat ezartzen da: hamar ibilgailu azken hartzaile bakoitzeko, eta deialdia; horietatik bost, gehienez, Diesel Euro VI-E motorrekoak izan daitezke, pertsona fisikoak (autonomoak) izan ezik, azken hartzaile bakoitzeko ibilgailu baten muga izango baitute.

E2030 Estrategian eta Euskadiko Mugikortasuneko Plan Integralean markatutako ibilbide-orriaren barruan sartzen den eta beste jarraibide batzuekin lerrokatuta dagoen Kamioietarako Renove Plan honen garapenak energia- eta ingurumen-eraginkortasuna hobetzea ekarriko du.

Euskadik garraioaren arloan duen helburua petrolioarekiko mendekotasuna murriztea da. Horretarako oinarrizko estrategia da ibilgailu alternatiboen erabilera bultzatzea eta beharrezkoak diren karga-instalazioak sartzea bultzatzea.

Erregai fosila beste energia alternatibo batzuekin ordezkatzearen aldeko apustu horrek airearen kalitatea hobetzen eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen du. Salgaiak errepidez garraiatzeko floten kasuan, GNC (gas natural konprimitua), GNL (gas natural likidotua), biometanoa edo diesela erabiliz mugikortasun iraunkorragoa sustatzea eta gutxiago kutsatzen duten motorrak dituzten flotak berritzea dira jarduketak.