Lankidetza-hitzarmena funtsezko mugarria da CO2-aren balio-katea modu koordinatuan garatzeko Euskadin, Nafarroan eta Kantabrian, eta aukera emango du CO2-ak atzitzeko, garraiatzeko, banatzeko eta biltegiratzeko korridore estrategiko bat sortzeko, Europako deskarbonizazio-helburuekin bat eginez.
Enagásek, Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez (EEE), eta Petronor, Heidelberg Materials, Calcinor eta Terresis industria-enpresek (Magnesitas Navarras), Nortegasen laguntzarekin, Ulermen Memorandum bat (MoU) sinatu dute, “Hub COnet2 Norte” proiektua elkarrekin eta koordinatuta garatzeko, Espainiako iparraldeko proiektu integral bat da, CO2-aren balio-kate osoa diseinatuko duena: atzitze, garraio, banaketa, erabilera eta biltegiratzearena (CCUS).
Akordioa gaur sinatu da Bilboko Energy Intelligence Center (EIC) zentroan, eta hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi; Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Mikel Amundarain; Enagáseko kontseilari delegatu Arturo Gonzalo; Petronorreko kontseilari delegatu José Ignacio Zudaire; Calcinorreko presidente Jon Santa Cruz, Heidelberg Materialseko presidente Jesús Ortiz; Terresis Centro de Magnesitas Navarraseko zuzendari nagusi Jorge Baños; eta Nortegaseko kontseilari delegatu Juan Villar.
Ekitaldian izan dira, halaber, Garbiñe Basterra Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia eta Iván Jiménez Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakaria, besteak beste.
Industriaren kargonogabetzean giltzarri den egitasmoa
Proiektua giltzarria izango da garatzen zailak diren industria-sektoreak deskarbonizatzen laguntzeko, CO2-emisioak murrizteko Europako helburuekin bat, eta pixkanaka Espainiako iparraldeko beste enpresa eta eskualde batzuetara zabalduko da, Europako Interes Komuneko Proiektuen (PCI) behin-behineko zerrendan dagoen ‘Hub COnet2 Norte’ proiektuaren barruan. Ekimen bateratu horrek Europako laguntzak eskatzeko estrategia koordinatua garatzen lagunduko du, hala nola Europa Konektatzeko Mekanismotik (CEF) eta Berrikuntza Funtsetik (Innovation Fund) datozenak.
Europako funts horietarako hautagaitzen heldutasun tekniko eta komertzialerako funtsezko indargarria izango da akordioa, alderdi bakoitzaren finantzaketa-eskaeretan sartuko baita.
Lankidetza-eredu aitzindaria
‘Hub COnet2 Norte’ren lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia da lurralde horietan CO2-aren balio-kate osoaren garapen integratua, ordenatua eta eraginkorra ziurtatzea: parte hartzen duten industria-zentroetan CO2-a harrapatzetik hasi eta azpiegitura logistikoen bidez garraiatu eta banatzeraino (berariazko hodiak, aldi baterako biltegiratze- eta likidotze-terminal bat eta beharrezko itsas azpiegiturak), gero biltegiratzeko, geologikoki edo/eta balorizazioa.
Enagás eta Eusko Jaurlaritza CO2-ren azpiegitura logistikoaren diseinuaren buru izango dira, Nortegasekin batera eta koordinatuta, Enagás Transporte del Norte (ETN) sarearen eta Bahía de Bizkaia Gas (BBG) instalazioaren oinarri gisa hartuta. Bi sozietateok Enagásen eta EEEren partaidetza dute. Bestalde, Petronor, Heidelberg Materials, Calcinor eta Terresis, Magnesitas Navarras enpresak, CO2 atxikitzeko proiektuak garatzen ari dira. Gainera, Petronorrek CO2-a balioztatzeko teknologiak sustatzea aztertuko du, eta horrek proiektuaren izaera zirkularra indartuko du eta industria-aukera berriak irekiko ditu.
Proiektu hau zuzenean sartzen da Euskadiko Industria Plana 2030ean, ‘Hard to Zero’ ekimenean, elektrifikatzen zailak diren prozesu industrialak deskarbonizatzera bideratutakoan. ‘Hard to Zero’ proiektu eraldatzaile gisa aitortuta dago ‘Deskarbonizazio Harana’ izenarekin, eta horrek bere izaera estrategikoa indartzen du euskal industria-politikaren barruan.
“Hub COnet2 Norte” garatzeko funtsezko bultzada
‘Hub COnet2 Norte’ lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, eta CO2 industriala kudeatzeko balio-kate koherente eta eraginkor bat eraikitzea du helburu. Batera garatuz gero, logistika-kostuak optimizatu, proiektuen bideragarritasuna hobetu eta deskarbonizazio industrialeko ekimenek ibilbide-orri komun bati jarraitzen diotela ziurtatuko da. Horren ondorioz, Espainiako iparraldeko industriaren lehiakortasuna hobetuko da, eta klima-neutraltasunaren Europako helburuak lortzeko konpromisoa indartuko da.
Hitzarmena sinatuta, parte hartzen duten konpainiek urrats erabakigarria eman dute EBn erreferentziazko proiektu bat sustatzeko, eta deskarbonizazio-eredu bideragarri eta jasangarri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten irtenbide berritzaileen aldeko apustua indartu dute.







