Industria-sektore produktiboetan energia-eraginkortasuna eta -aurrezpena sustatzeko dauden mekanismoak aurkeztu dira jardunaldian

  • Saioan funtsezko eragileak jorratu dira, hala nola laguntza publikoak, EAEk eta zerga-arinketak, industriaren lehiakortasuna hobetzeko.
  • Erreferentziazko enpresek energia-eraginkortasuneko eta emisioak murrizteko inbertsio-kasu errealak partekatu dituzte.

 Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen energia-agentziaren bidez, energia-kontsumoak deskarbonizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko euskal industriaren eskura jartzen dituen palanka nagusiak aurkeztu ditu. Palanka horiek energia-eraginkortasuneko inbertsioetarako laguntzetan, CAES ziurtagiri-sisteman eta zerga-desgrabazioetan oinarritzen dira.

Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak nabarmendu du irekiera instituzionalean beharrezkoa dela energia gutxiago kontsumituko duen industria eraginkorrago baterantz aurrera egitea. Haren hitzetan, “hori ez da zama gehigarri bat, sendotzeko aukera bat baizik”, lehiakorragoak izateko. Halaber, Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusiak itxi du jardunaldia, eta azpimarratu du erronka handia dela hain beharrezkoak diren tresna horiek enpresentzako lan-agenda zehatz bihurtzea.

Exekutiboaren ustez, lehentasunezkoa da industriari prozesu eraldatzaile horretan laguntzea, karbonogabetze adimendunean aurrera egitea ahalbidetzen duten tresnen bidez. Hori dela eta, Bilbao Exhibition Centren egin den jardunaldian, enpresa eta industria ororen eskura dauden elementuen hiruhortza aurkeztu da, hala nola energia-eraginkortasuneko inbertsioetarako laguntzak, JEK-CAE Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriak eta zerga-arintzeak. Aurrekoaz gain, topaketan industriaren ikuspegia ere jaso da, jada inbertsioak egin dituzten eta laguntzak eskatzeko eta proiektuak gauzatzeko prozesuan dauden enpresen arrakasta-kasuen aurkezpenaren bidez.

Energia-eraginkortasunean, energia berriztagarrietan eta deskarbonizazio industrialean inbertsioak bultzatzeko laguntzak benetako katalizatzaileak dira enpresa-inbertsioan. Programa honek 52 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta beren ekoizpen-sistemen eta -prozesuen eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egiten dituzten industria-sektoreko enpresei zuzenduta dago. Hala, beren lehiakortasuna indartuko dute, energia-fakturaren gero eta pisu handiagoak markatutako testuinguru batean.

Eusko Jaurlaritzak industria lehiakorrago, jasangarriago eta 2030eko Industria Planaren helburuekin eta haren proiektu eraldatzaileekin lerrokatuago baten alde egindako apustu estrategikoaren barruan sartzen dira laguntza horiek, eta euskal enpresek nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duten gaitasunean eragiten duten faktore nagusietako bati heltzen diote.

Jardunaldiko programaren bigarren mekanismoa Energia Aurrezkiaren Ziurtagirien sistema izan da. Ziurtagiri horiek erabat ezarrita daude Euskadin, eta EEE da agente kudeatzailea. Gainera, potentzial bikaina eskaintzen dute industriaren eremuan sortutako energia-aurrezkiak monetizatzeko.

Azkenik, teknologia garbietan egindako inbertsioei lotutako zerga-arintzearen aukerak luze eta zabal aztertu dira, bai eta ekoizpen-sektorearen trantsizio energetikoa errazten duten tresna fiskalak ere; eraginkortasun handiko teknologian egindako inbertsioak dira, eta % 35eko zerga-arintzera irits daitezke.

Galería de Imágenes