- Eusko Jaurlaritzak Fedarenen daukan presidenteordetzak indartu egin du lehiakortasun industrialaren aldeko apustua, Europan trantsizio energetiko eraginkorra egiteko ezinbesteko baldintza delakoan
- Euskadik ‘EEE Mapa’ aurkeztu du Europako erakundearen aurrean, energia-autonomian aurrera egiteko eta horniduraren segurtasuna, industriaren lehiakortasuna eta gizarte-ongizatea indartzeko tresna izanik
- FEDARENEn parte hartzeak aukera ematen dio Euskadiri Europako arautze-joerei aurrea hartzeko, eta aukera berriak ematen dizkio programa eta proiektu bateratuetan ikusgai izateko, lankidetzan aritzeko eta parte hartzeko
Egun hauetan Modenan egiten ari den FEDARENEren Batzar Nagusia dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, Euskadik energia eta ingurumeneko agentzien eta eskualdeen Europako sare nagusian duen parte-hartzea sendotu du.
Azken urtean, EEEko zuzendari nagusi Mikel Amundarain Leibarrek FEDARENEko zuzendaritza-batzordean Euskadiren presentzia instituzionala indartu du, eta bertatik Europar Batasunaren funtsezko eztabaidetako bati heldu dio: deskarbonizazioan aurrera egitea, lurraldeen industria-oinarria ahuldu gabe.
FEDARENEn duen posizionamenduak balio erantsi argia ematen dio Euskadiri: gaitasun handiagoa araugintzako joerei aurrea hartzeko, lankidetzarako aukerak identifikatzeko, nazioarteko ikusgarritasuna indartzeko eta Europako proiektuak bultzatzen dituzten eskualde eta eragileekin konektatzeko.
FEDARENE erreferentziazko plataforma europarra da eskualdeen ikuspegia eta esperientzia politika komunitarioetara eramateko. Sareak 90 kide baino gehiago biltzen ditu Europar Batasuneko 24 herrialdetan, eta energia- eta klima-politiken aplikazio praktikoan egunero lan egiten duten eskualdeko agentziak eta agintariak konektatzen ditu. Testuinguru horretan, EEEk duen presidenteordetzari esker, Euskadiren presentzia indartu ahal izan da sarearen orientazio estrategikoan eta Europako instantziekin duen elkarrizketan.
‘EEEren mapa’: autonomia energetiko handiagoa helburu estrategiko
Energiaren Euskal Erakundeak Europako eztabaidara eraman du bere esperientzia, oinarri industrial handiko lurraldea izanik, lehiakortasuna, berrikuntza eta iraunkortasuna batzea helburu dituena. EEEk laguntza eman dio FEDARENEri Industrial Accelerator Act-ekin (IAA) lotutako Europako prozesuetarako ekarpenak prestatzeko, lurralde- eta industria-ikuspegia txertatuz.
Honela, EEEk sare elektrikoak indartzeko beharra babestu du, sorkuntza berria konektatu, prozesuak elektrifikatu eta itoguneak saihesteko, sistema eraginkorragoa egingo duen erregulazio malguago batekin. Era berean, argindarraren faktura hobetzearen garrantzia azpimarratu du, funtsezkoa baita industriaren lehiakortasuna beste player batzuen aurrean indartu eta elektrifikazioa sustatzeko.
Kideen artean, Europako beste industria-eskualde batzuetako jardunbide egokiak biltzen eta hedatzen lagundu du, eta eredu errealak eta ikaskuntza aplikagarriak partekatzeko gune erabili da FEDARENE, Euskadiko esperientzia tartean dela.
Testuinguru horretan, Euskadik ‘EEE Mapa’ delakoaren xehetasunak aurkeztu dizkio Federazioari. Mapa horren arabera, 2030era arte 80 milioi euro inbertituko dira industria-bazkideekin batera, 450 MW-eko sorkuntza-potentzia handituko duten proiektuak bultzatzeko. Hedapenean, 2030era arteko lehentasunezko jarduera-eremuak identifikatu dira, eta lehentasuna eman zaie baliabidea duten kokapenei, ingurumen- eta hirigintza-bideragarritasunari, sarearekiko hurbiltasunari eta merkataritza-bideragarritasunari.
Aldi berean, lurralde industrialen arteko agenda egonkor bat sendotzea helburu duten lan-ildoak aktibatu dira. Besteak beste, “Lehiakortasunaren Sustatzaileak” taldea martxan jartzea planteatu da, oinarri industrial garrantzitsua duten eskualdeen arteko jarrerak eta lehentasunak koordinatzeko, bai eta trantsizio energetikoko lehiakortasun industrialari buruzko workshop europar bat prestatzea ere, EBko erakundeen parte-hartzearekin.
FEDARENEri buruz. FEDARENE eskualdeko energia-agentzien Europako sarea da. 1990ean sortu zuten sei lurralde aitzindarik —besteak beste, Euskadik—, Europako energia- eta ingurumen-politikan lankidetza eta eskualde-ahotsa indartzeko.
