Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen, Ihobe sozietate publikoaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontu Zuzendaritzaren laguntzarekin, EAEko aurrekontu orokorretan ikuspegi energetikoa eta klimatikoa txertatzeko gida metodologikoa prestatu du. Gida karbono gutxiko ekonomietarantz aurrera egiteko eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia indartzeko premiak markatutako testuinguru batean sortu da. Lan-esparru argia, trazagarria eta errepikagarria jasotzen du, finantza-plangintza publikoa EAEk hartutako konpromiso klimatikoetara bideratzeko.

Aurrekontu klimatikoak funtsezko tresna bihurtu dira azken urteotan, politika publikoak klima-aldaketarekin lerrokatzeko. Gastu publikoaren klima-inpaktua identifikatu, sailkatu eta ebaluatzea da horren eginkizuna, baliabideak trantsizio energetikoa eta klimatikoa erraztuko duten jardueratara modu eraginkorragoan esleitzea lagunduz.

Dokumentuak jarraibideak eskaintzen ditu deskarbonizazioari eta klima-aldaketara egokitzeari lotutako aurrekontu-partidak identifikatzeko eta sailkatzeko, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak ezartzen duen moduan, eta % 1,9n kokatzen du Aurrekontu Orokorretan trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren ikuspegia.

Klimaren aurrekontuak funtsezko tresna bihurtu dira azken urteotan, politika publikoak klima-aldaketarekin lerrokatu eta haren arabera egokitzeko. Bere funtzioa gastu publikoaren klima-eragina identifikatu, sailkatu eta ebaluatzea da, trantsizio energetikoa eta klimatikoa erraztuko duten jardueretara baliabideak modu eraginkorragoan esleitu ahal izateko.

Hala, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legeak 61. artikuluan ezartzen du nahitaezkoa dela ikuspegi hori Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan txertatzea, eta urteko aurrekontuaren % 2,5, gutxienez, klima-ekintzarako neurrietara bideratzea.

Orain argitaratutako gidak agindu horri erantzuna ematen dio, hain zuzen ere. Ogasun eta Finantza Saileko aurrekontuak egiteko ardura duten lan-taldeei zuzenduta dago, batez ere, bai eta euskal alor publikoko beste arlo eta erakunde batzuei ere. Aurrekontu Orokorretan energiari eta klimari dagokienez etiketa jartzeko dokumentu metodologiko gisa erabili ahal izatea du helburu, erakunde bakoitzak bere partidak identifikatu eta sailkatu ditzan, trantsizio energetiko eta klimatikoari egiten dioten ekarpenaren arabera.

Gainera, 2023rako, 2024rako eta 2025erako Aurrekontu Orokorretan Trantsizio Energetiko eta Klimatikoaren ikuspegiaren lehen zenbatespena egin du, eta goranzko joera dagoela ikusi da; trantsizio horren aldeko partidak %1,5, %1,7 eta %1,9 baitira, hurrenez hurren.

Proposatutako ikuspegiak, gainera, aukera emango du hobekuntza esparruak identifikatzeko eta baliabideak deskarbonizazioari eta lurraldearen erresilientzia handiagoari lagunduko dioten neurrietara bideratzeko. Halaber, metodologia lagungarria izan daiteke finantzazio-arrakalak identifikatzeko eta kanpoko baliabideak hobeto eskuratzeko, publikoak edo pribatuak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak klimaren arloko jarduerak batera finantzatzeko konpromisoa eta gaitasuna dituela erakusten du.

Gida horren bidez, Euskadik aurrera egiten du tresnak garatzean, plangintza ekonomikoa klima-neutraltasunaren helburuekin bateratuz eta klima-aldaketara egokitzeko duen gaitasuna indartzeko konpromisoarekin bat datorrela ziurtatuz.