Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik industriaren efizientzia energetikoa bultzatzeko 52 milioi euroko laguntza-programaren berri eman du. Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du industria efizientzia energetikoaren bidez energia-autonomian aurrera egiteko apustua, ezinbestekoa baita produkzio-sarearen lehiakortasuna indartzeko eta energia-inportazioekiko mendekotasuna murrizteko.
Ekimena Eusko Jaurlaritzak deskarbonizazioa eta industria-lehiakortasuna sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, Euskadi 2030 Industria Planaren “Emisio gutxiago” ardatzarekin lerrokatuta. Energia-efizientzia hobetzeak elektrizitate- eta gas-faktura murriztea ahalbidetzen du, industriak nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duen gaitasuna baldintzatzen duen faktore nagusietako bat.
“Aurreikuspenen arabera, 200 industria-proiektu inguru lagunduko dira diruz, 195 milioi eurotik gorako inbertsioak mugiaraziz. Jarduera hauei esker, urtean 830 GWh aurreztuko direla kalkulatu da, eta horrek esan nahi du Euskadiko industriaren guztizko kontsumoa % 4,2 murriztuko dela”, azaldu du Jauregi sailburuak.
Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 19an irekiko da, eta 2027ko ekainaren 30era arte edo aurrekontu erabilgarria agortu arte luzatuko da.
Mutrikuko babes-dikea sendotzeko obraren berraktibatzea
Gainera, Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko, itsas segurtasuna indartzeko eta Gipuzkoako portu-azpiegitura nagusietako baten egonkortasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.
Jarduketak 14,35 milioi euroko inbertsioa izango du guztira, eta aukera emango du 2026tik 2028ra bitartean irismen handiko esku-hartze bat egiteko, dikearen egiturazko portaera indartzera bideratua, olatuen inpaktuaren eta itsasoko ekaitz gero eta biziagoen aurrean. Babes-dikea sendotzeak aukera emango du portuaren barne-babesa hobetzeko, itsas agitazioaren eragina murrizteko eta segurtasun-baldintzak handitzeko, bai arrantza-jarduerarako, bai portu-erabilerarako eta erabilera nautikorako. Esku-hartzearen helburua da azpiegiturak kontrako fenomeno meteorologikoen aurrean duen erresilientzia indartzea eta epe luzera funtzionatzen duela ziurtatzea.
