Eusko Jaurlaritzak, maiatzaren 19tik aurrera, laguntza-programa berri bat jarriko du martxan, industria-sektorean energia-eraginkortasuna sustatzeko, energia aurrezteko eta ekoizpen-prozesuetan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.

Programa honek 52 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta beren ekoizpen-sistemen eta -prozesuen eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egiten dituzten industria-sektoreko enpresei zuzenduta dago; hala, beren lehiakortasuna indartuko dute, energiaren prezioen hegazkortasunak markatutako testuinguru batean.

Programa horrek urteko aurrekontu-zuzkidura handiena du industriaren energia-eraginkortasunerako, eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritzen da; izan ere, 26 milioi euro Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institututik (IDAE) datoz. Horrekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du energia-autonomiarekiko duen konpromisoa eta industria-eredu eraginkorrago eta jasangarriago baterako eraldaketa.

Laguntza horiek Industria–Euskadi 2030 Planaren “Emisio Gutxiago” ardatz estrategikoaren barruan sartzen dira, eta Eusko Jaurlaritzak deskarbonizazioarekin eta industria-lehiakortasunaren hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen dute. Energia-eraginkortasunari esker, nabarmen murrizten da energia-kontsumoa eta, beraz, baita elektrizitatearen eta gasaren faktura ere, hori baita enpresek nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duten gaitasuna baldintzatzen duen faktore nagusietako bat.

Programa berri horri esker, Euskadi Europako herrialde liderren mailan dago eraginkortasun energetiko industrialean, Alemania, Frantzia edo Italia bezalako ekonomien gainetik, eta energia aurreztera eta eraginkortasunez erabiltzera bideratutako hainbat hamarkadatako politika publikoen ibilbide iraunkorra sendotzen du.

Programaren ezaugarriak

Kalkuluen arabera, programa horrek 200 industria-proiektu ingururi lagundu ahal izango die, eta horiek 195 milioi eurotik gorako inbertsioak mobilizatuko dituzte. Jarduera horien bidez, urtean 830 GWh aurreztuko direla kalkulatu da; hau da, EAEko industriaren energia-kontsumo osoa % 4,2 murriztuko da

Beraz, industriari laguntzeko ahalegin hori aurrerapauso nabarmena da Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburua betetzeko bidean, hau da, 2030. urterako azken energiaren kontsumoa gutxienez % 12 murrizteko helbururantz. Alde horretatik, Euskadik dagoeneko lortu du bere energia-kontsumoa % 5,4 murriztea, 2021ekoarekin alderatuta, eta industria-sektorea izan da —kontsumo osoaren ia % 50arekin— gehien lagundu duena metatutako aurrezki horretan.

Gehienez ere 4 milioi euroko diru-laguntzak emango dira industria-jarduketa eta -talde bakoitzeko. Diru-laguntzaren intentsitatea egindako inbertsioaren % 15etik % 30era bitartekoa izango da, proiektuaren ezaugarrien arabera, eta hori areagotu egingo da jardunak energia berriztagarriekin konbinatzen diren kasuetan. Orientazio horrek programaren ikuspegi integrala indartzen du, eta eraginkortasuna, aurrezpena eta energia-iturri jasangarrien hedapena konbinatzen ditu.

Aurreko edizioekin alderatuta, programa elkarren segidako konkurrentzia-sistemaren bidez garatuko da. Horrela, eskaerak iristen diren hurrenkeraren arabera hartuko dira, betiere behar bezala beteta badaude, eskuragarri dauden funtsak agortu arte. Programa 2027ko maiatzaren 19tik ekainaren 30era arte egongo da indarrean, eta laguntza horiei buruzko informazio guztia EEEren web orriankontsulta daiteke www.eve.eus

Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Europako erreferente gisa finkatzen du eraginkortasun energetiko industrialean, eta, aldi berean, aurrera egiten du azken energiaren kontsumoa murrizteko eta deskarbonizatzeko helburuak betetzen, bere oinarri industrialaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartuz.