- Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketako sailburuak, aste honetan Munichen, Emisio Gutxiago programaren emaitza arrakastatsuak partekatu ditu. Neutraltasun teknologikoa bultzatzen duten laguntzen adibide jarri du, deskarbonizazioan aurrera egiteko eta eskari eta jarduera ekonomiko berria sortzeko.
- Planak erantzun aparta jaso du herritarren eta autoaren-alorraren aldetik. Profesionalek behin eta berriz goretsi dute, eta autoen matrikulazioa ia % 30 hazi da iazko datuekin alderatuta.
- Aldeko ebazpena jaso duten eskabideei dagozkien 1.346 ibilgailuen ordezkapenarekin, laguntza-programa honetako helburu energetiko eta klimatikoen % 70 inguru lortzen lagunduko da; izan ere, ibilgailuen funtzionamendu-urteetan gutxi gorabehera 15.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da, 11.000 etxek sortzen dituzten emisioen baliokidea.
- Epea urriaren 15era arte luzatuta, erantzuna eman nahi zaio azken asteetan jasotako eskaeren igoera esponentzialari, eta, horrekin, hasiera batean aurreikusitakoa baino hilabete bat gehiago emango da, interesdunek espedienteak aurkezten jarrai dezaten.
- Euskadik garraiorako pizgarrien programa oso bat du, errepideko garraioa deskarbonizatzen lagundu dezaketen teknologia guztiak barne hartzen dituena. Emisio gutxien dituzten ibilgailuentzako laguntzak eta ibilgailu elektrikoentzako MOVES III-2025 programa ditu.
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak, bihar, irailaren 12an argitaratuko du Emisio Gutxiagoko Ibilgailuentzako Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programarako eskabideak aurkezteko epearen luzapena; une horretatik aurrera, urriaren 15ean izango da, hau da, egungo epea baino hilabete bat gehiago.
Luzapen horrekin, Eusko Jaurlaritzak azken asteetan eskariek izan duten hazkunde handiari erantzuna eman nahi dio. Martxoan abiatu zenetik, dagoeneko 1.760 eskaera jaso dira. Herritarren eta autoaren-alorraren aldetik, beraz, erantzun aparta jaso du, eta hala eman dute jakitera behin eta berriz profesionalek, egitasmoa sortu izana eskertu baitute.
Hain zuzen ere, FACONAUTO federazioak Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa goraipatu du, eta auto-saltzaileek salmenten gorakadan izan duen eragin positiboa azpimarratu dute. Iazko datuekin alderatuta, aurtengo matrikulazioak ia % 30 hazi dira, partikularren artean batik bat, programa indarrean dagoenetik % 31 igo baitira.
Emisio Gutxiagoko Ibilgailuentzako laguntza-programa horren helburua da errepide bidezko garraio-sektorearen deskarbonizazioan aurrera egitea, ibilgailu zaharrak emisio gutxiagoko beste batzuekin ordeztuz. Emaitzak arlo guztietan oso emankorrak ari dira izaten, irailaren hasieran 1.760 eskari baino gehiago zenbatu baitziren. Laguntza horiek 3.500 €-rainoko ekarpena egiten dute emisioen muga betetzen duen edozein motorizazioko ibilgailu bakoitzeko eta ibilgailu zahar bat txatar bihurtzeko.
Eusko Jaurlaritzak hilabete bat luzatu du Energiaren Euskal Erakundeak abian jarri zuen dirulaguntza horiek eskatzeko epea, karbonoa murrizteko prozesuan aurrera egiteko eta gutxiago kutsatzen duten autoak Euskadiko ibilgailu-parkera sar daitezen bultzatzeko. Urriaren 15a izango da epe berria. Luzapen hau, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak bihar, irailaren 12an, argitaratuko du.
Jasotako espedienteetatik, %76,1 gasolinazko ibilgailuei dagozkie, %20,8 PGLri, %1,8 gasolioari eta gainerakoak beste teknologia batzuei. EEEren webgune korporatiboan (www.eve.eus), laguntza-programa honek laguntza jasotzen duten teknologien bidez izan duen bilakaeraren koadroa kontsulta daiteke.
Laguntza horiek garraioaren deskarbonizazioan eragin nahi dute, neutraltasun teknologikotik abiatuta. Hori dela eta, emisio gutxiagoko ibilgailuen bidez (besteak beste, PGL, gas naturala, hidrogenoa, gasolina eta gasolioa) ordezten diren jarduerak babesten dira, betiere autoen CO2 125 g CO2/km baino txikiagoa bada eta furgoneten CO2/km 150 g baino txikiagoa bada. Kasu guztietan ibilgailu zaharra txatar bihurtzea ezinbestekoa da ibilgailuen parkea berritu eta dirulaguntza hori jasotzeko.
Turismo-ibilgailuetarako onartutako gehieneko erosketa-prezioa 40.000 eurokoa da, eta hidrogenozko ibilgailuetarako, berriz, 75.000 eurokoa. Furgonetek ez dute inolako mugarik.
Orain arte onartu diren 1.346 eskaerekin, laguntza-programa honetako energia- eta klima-helburuen % 70 lortzen lagunduko da, gutxi gorabehera, ibilgailuen funtzionamendu-urteetan 15.000 tona CO2 isurtzea saihestuko baita, 11.000 etxetan sortzen diren isurpenen baliokidea.
Gainera, automobilen merkatuak positiboki baloratzen ditu laguntza horiek, eta alorreko elkarteek erreferentziatzat hartzen dituzte, merkatua suspertzeko eta ibilgailu-parkea berritzeko plan eraginkorra baita, eta horrek onura sozialak, ingurumenekoak eta itzulkinak eragiten baitizkio gizarteari.
Era guztietako mugikortasun jasangarriaren alde
Bestalde, Energiaren Euskal Erakundeak mugikortasunari zuzendutako beste laguntza-programa bat kudeatzen du, MOVES III izenekoa. Horren helburua da motorizazio elektrikoko ibilgailuak erostea eta kargatze-guneen instalazioak sustapena. Programa horrek 7.000 €-rainoko dirulaguntza ematen du ibilgailu elektriko puruak eta hibrido entxufagarriak erosteko, ibilgailu zaharra txatar bihurtuta (txatar bihurtzea aukerakoa da laguntza-programa honetan). Hala, Euskadik laguntza-programa batzuk ditu, energia-sistema pixkanaka deskarbonizatzen lagun dezaketen teknologia guztiak biltzen dituztenak, kasu honetan, garraio eraginkorrago baten bidez eta emisio gutxiagoko teknologiak erabiliz.
Dirulaguntza horien osagarri, Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren esparruko zerga-arintzeak egiten dira, enpresei kenketak egiteko aukera ematen dietenak mugikortasun elektrikoan inbertsioak egiteagatik. Horrek teknologia garbiak aukeratzearen erakargarritasun ekonomikoa indartzen du. Oro har, neurri horiek ibilgailu elektrikoen eskaria bultzatzeaz gain, berrikuntza, enpresen lehiakortasuna eta energiaren eta garraio jasangarriaren sektorean enplegua sortzea ere sustatzen dute.
