- Kopuru horretatik 1.352 ibilgailuei dagozkie, eta 747, berriz, kargatzeko guneei.
- Ekainaren 25ean zabaldutako dirulaguntza-programa honek 14,9 milioi euroko aurrekontua du.
- Mugikortasunera bideratutako EEEk kudeatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programek (MOVES eta Emisio gutxiagoko ibilgailuak) lagundu egin nahi dute parke mugikorrean ibilgailu jasangarriak sartzen garraioaren sektorea deskarbonizatzeko.
Euskadin EEE Energiaren Euskal Erakundeak –hau da, Eusko Jaurlaritzaren agentzia energetikoak– kudeatzen duen MOVES III 2025 laguntza-programa 2.099 dirulaguntza-eskaeretara iritsi da, eta, hori horrela, 7.000 euro ere lortu ditzaketen trakzio elektrikoko ibilgailuen erosketa zein kargatzeko puntuen ezarpena mobilizatu ditu.
EEEn eskuragarri dituzten MOVES programaren kudeaketari buruzko azken datuek erakusten dutenez, gorakada progresiboa gertatzen ari da motorizazio elektrikoko ibilgailuentzako dirulaguntza-eskaeren aurkezpenean, eta berriki erositako ibilgailu jasangarriei dagozkie eskaera horiek, aldi berean. Jasotako 1.352 ibilgailu-eskaera ingururen artean, kasuen % 92 autoentzako eskaerak dira, % 5 furgonetentzat eta % 3 motoentzat. Gainera, honako motorizazio hauek nabarmentzen dira laguntza eskatu duten ibilgailuen artean:
- % 56 elektriko puruak.
- % 43 hibrido entxufagarriak.
CO2ren 30.000 tona ingururen emisio-aurrezpena kalkulatzen da subentzionatutako ibilgailuen bizitza erabilgarrian.
Kargatzeko puntuek ere laguntzak jaso ditzakete, eta 747 eskaera jaso dira jada haientzat. Ibilgailuen (elektrikoak edo hibrido entxufagarriak) eta kargatzeko puntuen artean, laguntza hauek 3.000 dirulaguntza-eskaera jasotzea aurreikusten da, oro har.
Ekainaren 18an jarri zen abian laguntza-programa hau eta ekainaren 25ean hasi ziren eskaerak erregistratzen. Bi partidatan banatzen da 14,9 milioi euroko aurrekontua, lehenengoa 8,4 milioi eurokoa ibilgailu elektriko berrien edo erakusketako ibilgailuen erosketan laguntzeko, eta bigarrena 6,5 milioi eurokoa kargatzeko puntuak subentzionatzeko.
Laguntzen zenbatekoa 7.000€-ra iristen da % 100 elektrikoak diren eta laguntza-programan adierazitako baldintzetan txatar bihurtutako beste ibilgailu zahar bat ordezten duten autoentzat. Gainera, karga elektrikoko puntuek % 70erainoko dirulaguntza jaso ahalko dute.
Programak atzeraeragina du herritarrentzat, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ibilgailu-erosketetarako aplikatu ahalko da. Guztira, eta betiere ibilgailu tipologiaren mende, 2.000 ibilgailu elektrikoren (puruak zein hibrido entxufagarriak) eta kargatzeko 1.000 punturen erosketan laguntzea aurreikusten da.
Emisio gutxiagoko ibilgailuen programa
MOVES programarekin batera, mugikortasunera bideratutako eta emisio gutxiagoko turismo-ibilgailuak edo furgonetak erosteko laguntzak ematen dituen beste laguntza-programa bat kudeatzen du Energiaren Euskal Erakundeak, hau da, betiere errekuntza-ibilgailuen CO2 emisioen gutxitze garrantzitsua lortzeko helburuarekin. Programa honetan barne hartuta daude gasolinazko, gasoliozko edo PGL gasezko motorrak, beste hainbat teknologiaren artean, 125 g CO2/km-tik beherako emisioekin autoentzat eta 150 g CO2/km-tik beherakoekin furgonetentzat. Programa honetan nahitaez bihurtu behar da txatar ibilgailu zahar bat.
Dirulaguntza hauek zerga-arinketekin osatzen dira Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren barruan, eta mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioengatiko kenkariak lortu ahalko dituzte enpresek haiei esker, horrek betiere teknologia garbien alde egitearen erakargarritasun ekonomikoa indartzen duelarik. Oro har, berrikuntza, enpresa-lehiakortasuna, eta energiaren eta garraio jasangarriaren sektoreko enplegu-sorkuntza ere sustatzen dute neurri hauek, ibilgailu elektrikoen eskaria bultzatzeaz gain.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.eve.eus
