- Eusko Jaurlaritzak jasotako espedienteetatik, % 76,5 gasolinazko ibilgailuei dagozkie, % 20,5 PGL gasezkoei, % 1,7 gasoliozkoei eta gainerakoak beste teknologia batzuei, guztiak ere 125 g CO2/km-tik beherako emisioekin turismoetan eta 150 g CO2/km-tik beherako emisioekin furgonetetan.
- Ibilgailuko 3.500 euroraino ere iristen dira emandako laguntzak.
- Errepideko garraioa pixkanaka deskarbonizatzen lagundu dezaketen teknologia guztiak barnean hartzen dituzten garraiorako zenbait laguntza-programa dauzka Euskadik, emisio gutxiagoko ibilgailuentzako laguntzekin eta ibilgailu elektrikoentzako MOVES programarekin.
1.000 eskaeratara iritsi da ibilgailu zaharrak emisio gutxiagoko beste ibilgailu batzuekin ordeztearen bidez errepideko garraioaren sektorea deskarbonizatzeko laguntza-programa. Laguntza horiei esker 3.500€ ere eman daitezke emisioen muga betetzen duen eta ibilgailu zahar bat txatar bihurtzen duen edozein motorizaziotako ibilgailuko.
Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundea deritzon bere energia-agentziaren bidez aurtengo martxoan emisio gutxiagoko ibilgailuen erabilera bultzatzeko eta errepideko garraioaren sektorearen deskarbonizazioan aurrera egiteko martxan jarritako laguntza-programak 1.000 eskaera jaso ditu gaur egun arte ibilgailu zaharrak emisio gutxiagoko beste ibilgailu batzuekin ordezteko. Jasotako espedienteetatik, % 76,5 gasolinazko ibilgailuei dagozkie, % 20,5 PGL gasezkoei, % 1,7 gasoliozkoei eta gainerakoak beste teknologia batzuei. EEEren www.eve.eus webgune korporatiboan koadro bat kontsultatu daiteke laguntza jasotzen duten teknologien bidez laguntza-programa hau izaten ari den bilakaerarekin.
Neutraltasun teknologikotik egin beharreko garraioaren deskarbonizazioa azpimarratzen dute laguntza horiek. Horregatik, emisio gutxiagoko bilgailuen bidez hainbat teknologiatako –hala nola PGL, gas naturala, hidrogenoa, gasolina eta gasolioa, besteak beste– turismoak zein furgonetak ordeztuko dituzten jarduketetan oinarritzen dira, baina betiere ibilgailu horiek autoentzat 125 g CO2/km-tik beherako eta furgonetentzat 150 g CO2/km-tik beherako emisio-maila badute CO2-ari dagokionez. Kasu guztietan ere ezinbestekoa da ibilgailu zaharra txatar bihurtzea ibilgailuen parkea benetan berritzeko eta dirulaguntza publiko bat jasotzeko.
Turismo-ibilgailuentzat onartutako gehieneko erosketa-prezioa 40.000 euro da eta 75.000 euro hidrogenozkoak diren ibilgailuentzat. Furgonetek ez dute mugarik.
1.000 ibilgailu ordeztuta, laguntza-programa honen energia- eta klima-helburuen gutxi gorabehera % 50a lortzen lagunduko da, ibilgailuek funtzionatuko duten urteetan gutxi gorabehera 10.000 tona CO2 airera emititzea saihestuko bailitzateke.
Mugikortasun jasangarri osorako laguntza
Bestalde, MOVES programa dugu mugikortasunerako beste laguntza-programa, eta motorizazio elektrikoko ibilgailuen erosketan eta kargatzeko puntuen instalazioan laguntzea du helburu. Laguntza jasotzeko izapide-fasean dauden 2.000 ibilgailu baino gehiagoren mugarrira iritsi dira berriki laguntza horiek. 7.000€-rainoko laguntza ere ematen du programa honek ibilgailu elektriko puruak eta hibrido entxufagarriak erosteko, ibilgailu zaharra txatar bihurtuta (txatar bihurtzea aukerazkoa da laguntza-programa honetan). Horrela, energia-sistema pixkanaka deskarbonizatzen lagundu dezaketen teknologia guztiak barnean hartzen dituzten zenbait laguntza-programa dauzka Euskadik, kasu honetan garraio eraginkorrago baten eta emisio gutxiagoko teknologiak erabiltzen dituen garraio baten bidez.
Dirulaguntza hauek zerga-arinketekin osatzen dira Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren barruan, eta mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioengatiko kenkariak lortu ahalko dituzte enpresek haiei esker, horrek betiere teknologia garbien alde egitearen erakargarritasun ekonomikoa indartzen duelarik. Oro har, berrikuntza, enpresa-lehiakortasuna, eta energiaren eta garraio jasangarriaren sektoreko enplegu-sorkuntza ere sustatzen dute neurri hauek, ibilgailu elektrikoen eskaria bultzatzeaz gain.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.eve.eus
