Autokontsumo elektrikoa eguzki-panel fotovoltaikoen bidez
Historikoki, eguzki-instalazio fotovoltaikoen bidez energia berriztagarria sortzearen aldeko apustua egin du Energiaren Euskal Erakundeak, Euskadiko hainbat administraziotan inbertsioak sustatuz.
Hala, 170 instalazio fotovoltaiko baino gehiago instalatu dira, batez beste 5 kWp-ko potentzia dutenak, Euskadiko bigarren hezkuntzako institutu publiko nagusien estalkietan.
Geroago, Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko beste Administrazio Publiko batzuetara zabaldu zuen eragiketa hori, eta, horren ondorioz, hainbat potentziako 50 planta fotovoltaiko baino gehiago jarri ziren martxan eraikin publikoen estalkietan eta aparkaleku publikoetan (Eusko Jaurlaritzarenak zein toki-administrazioenak). Potentzia instalatua 5 MWp baino handiagoa da guztira.
Oro har, instalazio horietan 5.850 MWh baino gehiago sortu dira, eta atmosferara urtean 2.900 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestu da.
Bestalde, Bilbao Exhibition Centre Solar, S.L. sozietate partaidetuaren bidez, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat egin da, bi fasetan: lehenengoa 2023ko maiatzean jarri zen martxan 0,9 MWp-ko potentziarekin, eta bigarrenak, 2024ko ekainean, 1,5 MWp-ra handitu zuen potentzia osoa.
BECeko 6. pabiloiaren estalkian dago, eta 2.700 eguzki-panel eta 110 kW-eko 13 alderanzgailu ditu. 6.975 m²-ko azalera hartzen du, eta urtean 1.500 MWh-ko ekoizpena duela kalkulatu da. Horri esker, BECeko elektrizitate-eskaeraren % 17 inguru betetzen da, % 99,6ko autokontsumoarekin. Bestalde, urtean 497 tona CO₂ isurtzea saihesten da instalazio horri esker.
Jarduera horiez gain, EEEk dirulaguntzen programa ia etengabea du 80ko hamarkadan sortu zenetik, iturri berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko instalazioei laguntzeko, ekimen pribatuek zein publikoek sustatuta.
Energiaren Euskal Erakundeak dozenaka milioi euro bideratu ditu autokontsumorako milaka instalazio sustatzeko laguntzetara, eta 180 MWp baino gehiagoko potentzia instalatua dute guztira. Sorkuntza berriztagarri horri esker, atmosferara dozenaka mila tona CO₂ isurtzea saihesten da urtero, eta, hala, nabarmen laguntzen zaio Euskadiko trantsizio energetikoari eta jasangarritasunari.
