Herritarren ahalduntze energetikorantz
2020. urteaz geroztik, Energiaren Euskal Erakundeak laguntzen du Euskadin energia-komunitateak sortzen, hainbat tresna eta ekimenen bidez. Horien artean aipatzekoa da Ekiola, energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko tokiko energia-komunitateen formatu kooperatiboko ekimen aitzindaria. Trantsizio energetikoa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko asmoz sortu zen Ekiola.
Eredu horren helburua da udalerrietan eguzki-parke fotovoltaikoak jartzea, eta haien energia bazkide kooperatibisten kontsumorako erabiltzen da. Parte-hartzaile bakoitzak bere kontsumoaren araberako zati bat eskuratzen du, prezio egonkorrak eta lehiakorrak ziurtatuz hainbat hamarkadatan. Plantek 1 MW eta 1,5 MW arteko potentziak izan ohi dituzte, urtean 1.400 eta 2.100 MWh artean ekoizteko gai direnak, ehunka familiaren beharrak asetzeko.
Orain arte 10 Ekiola sustatu dira beste horrenbeste udalerritan. Arabako lurralde historikoan martxan daude Mendialdeko (Arraia-Maeztu), Gorbeialdeko (Etxebarri-Ibiña) eta Lautadako (Agurain) Ekiolak. Gipuzkoan, Ekindar (Azpeitia) eta Leintz-Bailara (Arrasate) Ekiolak ari dira lanean. Bestalde, Bizkaian, Lea-Artibaiko (Etxebarria) Ekiola ere martxan dago. Gainera, 4 Ekiola daude eraikitze-fasean: Egutera (Zumaia), Urretxu (Urretxu), Elgoibar eta Mendaro (Elgoibar) eta Aiara (Amurrio).
Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko energia-komunitateen beste ekimen partikular eta enpresarial batzuk ere bultzatzen ditu, sustatzaileei laguntza teknikoa eta finantzarioa emanez autokontsumo-kolektiboen instalazioetan inbertitzeko dirulaguntzen bidez, herritarren parte-hartzea, tokiko energia berriztagarrien sorkuntza eta karbono-aztarnaren murrizketa sustatu ahal izateko.