Sistema elektrikoaren deskarbonizazioaren ardatza
Sare elektrikoak trantsizio energetikoaren eta ekonomiaren elektrifikazio gero eta handiagoaren ardatza dira. Iturri berriztagarrien bidezko sorkuntzaren hedapen handiak eta beren energia modu banatuan ekoizteko gai diren erabiltzaile berrien agerpenak eskatzen dute bi noranzkoko fluxuak kudeatzeko prestatutako sare bat izatea, une oro sistemaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatuz.
Testuinguru horretan, sare elektrikoek erronka gehigarriei egin behar diete aurre, hala nola energia-metaketaren integrazioari eta energia-kontsumitzaile intentsibo berriak sartzeari, eta horien artean nabarmentzekoak dira mugikortasun elektrikoa eta datu-zentroak. Hori dela eta, ezinbestekoa da sareen digitalizazioa, energia-hornidura segurua, jasangarria eta lehiakorra bermatzeko kontsumitzaile guztientzat.
Energiaren Euskal Erakundeak sare elektriko adimendunak garatzera bideratutako lankidetza publiko -pribatuko proiektuetan parte hartu du iraganean, Bidelek Sareak erreferentziatzat hartuta. Proiektu horren helburua banaketa-sarea modernizatzea izan zen, haren eraginkortasuna, segurtasuna eta hornikuntza-kalitatea handitzeko.
Era berean, Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko bizitegi-eraikinetako instalazio elektriko komunen berrikuntza bultzatzen du, 25 urteko edo gehiagoko antzinatasuna badute, laguntza-programa espezifiko baten bidez.
Energiaren Euskal Erakundeak urteak daramatza Sare Elektriko Adimendunen Jardunaldiak (SEAJ/JIEEC) antolatzen, Tecnaliarekin eta Orkestrarekin batera, sare elektrikoen arloan ezagutza eta dibulgazioa sustatzeko konpromisoaren barruan. Foro horri esker, hainbat herrialde eta eremutako adituek esperientziak truka ditzakete, eta teknologia horren egoerari eta sektore elektrikoko azken aurrerapenei buruz hausnartu.