Energia transformatzeko proiektuak
Proiektu Eraldatzaileak Euskadi 2030 Industria Planaren ekimen estrategikoak dira, euskal industrian egiturazko aldaketak bizkortzeko diseinatuak. Haien ezaugarriak dira inpaktua, lankidetza-ikuspegi publiko pribatua eta orientazio teknologikoa, eta herrialdearen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta energia-autonomia sustatzeko pentsatuta daude.
Energia berriztagarrien garapena
Parke eoliko eta eguzki-parke berriak sortzea bultzatzen du, 2028a baino lehen 550 MW-eko potentzia berriztagarria lortzeko. Kokalekuak egokitasun tekniko eta ingurumenekoaren arabera hautatzen dira, azpiestazioekiko lotura eta lurralde-eragin minimoa bermatuz. Proiektuak euskal industriaren balio-katea aktibatzen du ekipo elektriko eta eolikoetan, enplegu kualifikatua sortuz eta energia-independentzia handiagorantz aurrera eginez.
Euskal sare elektrikoen plangintza
Sarearen ahalmena 6.000 MW handituko da 2030erako, eta ziurtatuko da Euskadik azpiegitura prestatuak izango dituela karbono gutxiko ekonomia elektrifikatu baterako. Estatuarekin lerrokatutako plangintza batean eta ekipoak fabrikatzen dituen euskal industriaren parte-hartzean oinarritzen da ekimena, berriztagarrien integrazioa eta ekoizpen-sarearen hazkundea erraztuz.
Grid4Industry
Teknologia aurreratua garatzen du sare elektrikoa modernizatzeko: ahalmen handiko transformadoreak, azpiestazio adimendunak eta babes- eta digitalizazio-sistemak. Proiektuak sare elektrikoei lotutako euskal industriaren lehiakortasuna indartzen du, eta kontsumo elektriko industrial handiagorako azpiegitura eraginkorragoetarako trantsizioa bizkortzen du.
Deskarbonizazio Harana
Elektrifikatzen zailak diren industriak deskarbonizatzeko azpiegiturak sortzen ditu, hidrogeno berriztagarrien eta COak atzitu eta balorizatzearen bidez. Hodi-sare bat ere badu, polo industrialak hidrogeno-instalazioekin eta erregai berriztagarrietarako CO berrerabiltzeko sistemekin lotzeko. Proiektuak Euskadi Europako erreferente bihurtzen du trantsizio energetikoko teknologietan, eta eredu industrial jasangarriago eta lehiakorrago baten alde egiten du.
Erregai berriztagarrien huba
Hidrogenoan, erregai sintetikoetan eta bioerregaietan oinarritutako ekosistema industrial eta teknologikoa garatzen du. Entsegu-azpiegiturak, start up-ei laguntzea eta EICren ibilbide-orriari lotutako proiektuak barne hartzen ditu. Bere helburua da industria deskarbonizazio soluzio aurreratuez hornitzea eta talentua eta inbertsioa erakartzea hedapen estrategikoan dagoen sektore batera.