Hidrogeno berriztagarria – EVE
Menua
Agencia Energética del Gobierno Vasco

Alameda de Urquijo, 36 – 1º · Edificio Plaza Bizkaia
· 48011 BILBAO · e-mail: comunicacion@eve.eus
(34) 944 035 600 · Fax: (34) 944 035 699

Molekula

Hidrogeno berriztagarria

Euskadi urrats sendoak egiten ari da deskarbonizaziorantz, lurraldea hidrogeno berriztagarriaren abangoardian jartzen duten proiektu estrategikoei esker. Hidrogenoaren Euskal Estrategiaren eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) barruan sartzen dira jarduera horiek. Ekimen horien helburua da energia-bektore hori industrian, mugikortasunean eta erregai garbien sorkuntzan txertatzea.

Mugarri garrantzitsuenetako bat Basque Hydrogen sozietatea da. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) parte hartzen du sozietate horretan, lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Proiektu horren arabera, 10 MWeko elektrolizagailua instalatuko da Bilboko portuan, elektrizitate berriztagarria erabiliz urtean 1.600 tona hidrogeno berde ekoizteko gai izango dena. Hidrogeno horren zatirik handiena Synkediak Bilboko portuan duen plantan erregai sintetikoak fabrikatzeko erabiliko da. Erregai horiek hidrogeno berdea eta atzemandako CO2-a konbinatuz lortzen dira, eta petrolioaren deribatuen alternatiba jasangarria dira, batez ere zuzeneko elektrifikazioa bideragarria ez den sektoreetan, hala nola hegazkingintzan edo itsas garraioan.

Mugikortasunaren arloan, IBIL sozietatea liderra da hidrogeno berriztagarria hornitzeko azpiegiturak ezartzen; sozietate horretan, % 50eko partaidetza du EEEk. Bi hidrogeno-estazio nabarmentzen dira: bata Energy Intelligence Centerren (EIC), Abantoko Parke Teknologikoan, eta bestea Bilboko Aireportuan, terminala hiriburuarekin lotzen duen autobus-linea deskarbonizatzeko aukera emango duena. Instalazio horiek hidrogenoa emango dute 350 eta 700 bar-eko presioan, erregai-piladun ibilgailuak hartzea errazteko eta mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko.

Gainera, nazioartean, EEEk bazkide gisa parte hartzen du PHYRENE proiektu europarrean. Proiektu horren helburua da hidrogeno berriztagarriaren balio-katea garatzea eta sendotzea mugaz haraindi, Pirinioen eremuan. Ekimen hori INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren barruan dago, eta trantsizio energetikoa bultzatu eta lurraldeen arteko lankidetza indartuko duten enpresa-, ikerketa- eta erakunde-sinergiak sortzea du helburu.

Jarduera horien bidez, Euskadik indartu egin du trantsizio energetikoarekiko duen konpromisoa, hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena, banaketa eta erabilera integratzen dituen ekosistema sortuz, energiaren aldetik jasangarria izango den eta emisio gutxiago izango dituen etorkizunerantz aurrera egiteko.

Hidrógeno renovable

Hidrógeno renovable