Energia-komunitate bat entitate juridiko bat da; pertsona fisikoek, ETEek edo toki-administrazioek osatzen dute, eta horiek energia berriztagarria modu kolektiboan ekoizteko, kontsumitzeko, biltegiratzeko eta kudeatzeko elkartzen dira. Helburua ez da finantza-errentagarritasuna, baizik eta bazkideentzat eta tokiko ingurunearentzat onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak sortzea.
Bi energia-komunitate mota nagusi daude, Europako araudiarekin bat etorrita:
- • Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK): 2018/2001 EB Zuzentarauak arautzen ditu, eta eguzki-energia, eolikoa, biomasa eta antzeko energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa dituzte ardatz.
- • Herritarren Energia Komunitateak (HEK): 2019/944 EB Zuzentarauan daude zehaztuta, eta jarduera zabalagoak hartzen dituzte, hala nola energia elektrikoaren biltegiratzea, kudeaketa eta salmenta.
Estatuko legeriak Europako zuzentarau horiek egokitu ditu zenbait araudiren bidez; honako hauek nabarmentzen dira:
- • 244/2019 Errege Dekretua, energia elektrikoaren autokontsumo indibidual eta kolektiboaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak ezartzen dituena, energia-komunitateetarako oinarria.
- • 23/2020 Errege Lege Dekretua, EBK-k Sektore Elektrikoaren Legean sartzen dituena, partaidetza ireki eta borondatezkoak
- • 5/2023 Errege Lege Dekretua, HEKak legez onartzen dituena.

Energia-komunitateek zerbitzuen sorta zabala eskain diezaiekete beren kideei, honako hauek, besteak beste: eguzki-energia fotovoltaikoaren autokontsumo partekatua, eskariaren kudeaketa adimenduna, energiaren biltegiratze kolektiboa, azpiegitura berriztagarriak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea eta mantentzea, efizientzia energetikoa hobetzeko inbertsio kolektiboak, energia-aholkularitza pertsonalizatua edo tokiko energia-merkatuetan parte hartzea. Halaber, finantzaketa edo dirulaguntza publikoak eskuratzen ere lagundu dezakete, bai eta tokiko ingurunean kontzientziazio energetikoa eta kohesio soziala sustatzen ere.
Energia-komunitateetako kideentzako abantaila nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:
- • Tokiko komunitatea sortzea.
- • Faktura elektrikoan aurreztea.
- • CO₂ emisioak murriztea.
- • Independentzia energetiko handiagoa.
- • Herritarrek parte-hartze aktiboa izatea trantsizio energetikoan.
Azken batean, energia-komunitateak funtsezko tresna dira energia berriztagarriak eskuratzeko aukera demokratizatzeko eta eredu energetiko bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.